Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea

Sarrera | Ibilbidea irudietan

Maume (Muxika) eta inguruak

  • Maumeko galtzada.
    Mauma


    Muxikako udalerrian, ondoko Berrizekiko mugaldean, oraindik kontserbatzen da euskal kostaldea barrualdearekin (Durangaldea, Araba, Gaztela…) lotzen zuen lehengo galtzada zaharra, orduko komunikabide nagusietako bat.
    Bidea lauza zaharren gainean egiten da –bikain kontserbatzen dira–. Eta, bidertzean, alboetako arroketan grabaturiko harrizko gurutzeak ageri dira


  • "Olea" burdinola. Maumebekoa baserriarekin aurrez aurre, Oromiño ibaiaren ertzean, Muxikako burdinola txikietako bat izan zen (alegia, burdina-kopuru txikia ekoizten zuena).
    Olea Burdinola

    Muxikako burdinoletako produkzioa apala zen beste inguruetakoaren aldean: horregatik, Ibarrurietako mendietako egur asko eta asko Zornotzako burdinolak hornitzeko erabiltzen zen.
    XVIII. mendean hiru elizateetan izan ziren bost burdinoletatik Oleakoak soilik gordetzen du egituraren zati bat: uraren sarbidea eta estolda. Burdinolak mugiarazteko erabiltzen ziren trepeta hidraulikoak errotetan erabiltzen ziren berberak zirenez gero, ez zen harritzekoa burdinola batzuk errota moduan eraberritzea. Horixe egin zuten Olea burdinolan.


  • Goikoetxe baserria, Bertan ardi-gazta aparta egiten eta saltzen da. Horrek asko famatu du Maume auzoa inguruko herritarren –eta urrutiagokoen– artean.
  • San Lorenzo ermita, Auzoak duen erlijio-eraikin bakarra. 435 metroko garaiera du, oinplano angeluzuzena eta bi isurkiko estalkia, erdi-puntuko arkudun atea eta hiru leiho atalburudun; baita ere zementuzko kanpai-horma bat, hiru bao kanpaidun dituena, gurutze batez errematatua. Ermita honetan San Lorenzoren festa ospatzen da urtero abuztuaren 10ean, meza eta herri-erromeria eginez.
  • Maumeko eskola. Bizkaiko beste auzoetako eskolen jatorrian bezalaxe, honetan ere 1919ko azaroaren 26an aurkeztutako mozio bat aurkitzen dugu: bertan, Bizkaiko kulturaren eta hezkuntzaren egoera desorekatua aipatzen zen. Gaur egun honelako eskola gehienek beste erabilera batzuk dituzte: liburutegi, aisialdi-elkarteak… Beste eskolen gisara, Maumekoaren estiloa ere inguruko paisaiara egokituta dago.
  • Inguruko basoak Erdi Aroan jada ustiatzen ziren egurretarako eta abeltzaintzarako: bertan abereak larratzen ziren eta sutarako egurra ateratzen zen. Izan ere, giza jarduera horiek izan ez balira, jatorrizko hariztiak hartuko luke gaur egun ere Urdaibai gehiena. Baso batzuk herri-basoak ziren, beste batzuk inguruko eliza edo ermita baten jabetzakoak, edota partikularren baten ondasun.

    Magunas mendia herri-basoa zen, bertako zuhaitzetatik ateratako egur-ikatza salduta lortzen zen dirua Magunas mendiari atxikitako ermita mantentzeko erabiltzen baitzen. Herri-basoetan egurraren ustiapena doakoa zen; ez ordea gainerako probetxuak, zerga bat ordaindu behar baitzen. Mendi pribatuetan, bestalde, –Ibarruriko elizatean, adibidez, mendien pribatizazioa oso goiz egin zen– ustiapen partikularrak eragin zuen “saroi” edo “basokorta” izenekoak sortzea, hau da, aurrez mugaturiko erabilera pribatuko lur-eremuak.

    Mugarritze horiek haustarri izeneko harri bat ardatz hartuta taxutzen ziren; harriari soka edo kate bat lotu eta biraka zirkulu bat osatzen zen. Zirkulu barruko eremua modu pribatua erabiltzekoa zen. Saroiak “kortaosoak” izan zitezkeen (negukoak, handiagoak, haranondoetan kokatuak), edo “kortaerdiak” (udakoak, txikiagoak eta goi-aldeetan kokatuak). Oiz mendiko mazeletan lur-eremu mugatu hauek ugariak behar zuten. Bakan batzuek iraun badute ere, pinu-landaketa masiboak asko eragozten du markak behar bezala ikustea, gehienak estalita baitaude.