Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea

Sarrera | Ibilbidea irudietan

Bermeo

Bermeo

Bizkaiko kostaldeko beste herri batzuek bezala, Bermeok antzina-antzinakoa du arrantzale-tradizioa. Arraina, hasieran, etxerako harrapatzen bazen ere, laster hasi ziren soberakina kanpoan saltzen, zeren Gaztelatik eta Bizkaiko barrualdetik zetorren eskaera gora baitzihoan etengabe. Hara zer dioen horren gainean XIV. mendeko agiri batek:

Aipatu hiltegiaren parean –Barrenkale, Durangon– arrandegi bat dago toki zabal eta ordoki batean, lauzazko zoladura duena, zeinean Bermeo, Lekeitio eta Ondarroatik egunean bertan harrapatutako arrain mota guztiak saltzen diren.

Ardoaren eta Arrainaren ibilbideak Bermeon (garai bateko zin-herria eta Bizkaiko burua) kulturan murgiltzeko toki aparta du, zeren arrantzale-herria izateaz gainera, ondare baliotsuak gordetzen baititu bere baitan:

  • Katillotxuko trikuharria. Herriaren mendi-mugetako bat da. Katillotxu mendiko tontorretik 20 metro mendebalera dago, itsaso-mailatik 336 metrora. Hileta-eraikuntza baten aztarnak ikusten dira: 14 metroko diametroa eta 0,95 metroko garaiera duen tutu-erako harritzarra, erdian sakonune txiki bat duena. Erdi Kretazeoko substratu litologikoan dago.
  • Tribizko Errota. Hasieran burdinola izan zen, baina burdingintza artisanalak XIX. mendean bizi izandako gainbehera dela-eta geroago errota bihurtu zen. Geroago, askaldegi moduan erabili izan da, eta bertan taloa (arto-irinez egindako opil ezaguna) eta txakolina zerbitzatzen ziren. Inguru honetan, Artika ibaiaren ondoan, antzina burdinola-errota batzuen batzuk ziren. Hain zen horrela, non bermeotarrek “errotak” baitzeritzoten bazterrari.
  • Bermeoko kontserba-industria. Erdi Aroa baino lehenagokoa da; gaur egun, udalerriko ekonomiaren muina. Bermeoko kontserba-fabrika batzuk bisita daitezke, eta bertatik bertara ikusi milaka tona hegaluzek eta antxoak izaten duten prozesu industriala.
  • Fabrikarik nabarmenetakoa “Conservas Ormaza
  • “Lamera” parkea. Artika ibaiaren bokalean dago, harrizko eta hareazko ingurune batean; gehiena itsasoari irabazitako terrenoa. XIX. mendearen bukaera aldean parkeko harresia altxatu zen, pasealeku ondoko etxe-atarietan ura sartzea eragozteko.
  • Portu zaharra Urte askotan, Bermeo Bizkaiko Golkoko baxurako portu garrantzitsuena izan zen.
    Portu zaharreko etxeak

    Portu zaharra hasierako dartsenan zegoen, baina ontzi modernoentzako sakonera eskasegia zuenez, baztertu egin zen, salbu eta hurbileko uretan aparailua botatzen duten txalupa eta ontzi arinentzat.

    Kantauriko arrantzaleen ohiko etxe estu eta elkarri erantsiek inguratzen dute portu zaharra. Lehengo lonjen ordez, gaur egun tabernak eta itsasontzi-gaiak saltzen dituzten dendak daude. Ondoko gunean esku-hartze urbanistiko handi bati ekin zaio: kai zahar hauen xarmari eta ondare interesgarriari kalte egin gabe, aisialdirako ekipamendu berriak jarri nahi dira, eta puntako pantalanak izango dituen kirol-portua.


  • Portuzarreko iturria edo “iturribiak”. Portu zaharraren erdi-erdian dago. Bermeoko enblematikoenetakoa da, horrelako iturrietan Bizkaiko zaharrena, eta itsasontziak ur gezaz hornitzeko erabiltzen zen. Karlos V.aren garaiko uraska errenazentista bat dauka, XVI. mendekoa beraz.
  • Arrantzalearen museoa.

    Portu Zaharraren gainean, Ercillatarren oinetxe zaharrean (“hiribilduaren aurreko oinetxea”, Bermeoko urte-liburuek diotenez), dorretxe hau altxatu zuten, eta bertan museoa dago.
    Erdi Aroko jaun feudalak Lurralde Irekietan nagusi ziren, haien agindupeko eremuak baitziren. Hiribilduak jaio eta indartu ahala, ordea, leinu nagusietako batzuek euren boterea industria-gune berrien hasikin hauetara zabaldu nahi izan zuten. Esate baterako, hiribildu baten barruan bakan ikus daitekeen dorretxeetako bat altxatu zuten Ercilllatarrek. Horien ondorengoa izan zen Alonso de Ercilla y Zúñiga, kapare oso ezaguna, gaztetan Karlos V.aren morroi izandakoa, eta XVI: mendean Txile kolonizatu eta La Araucana poema epikoa idatzi zuena.

    Arrantzalearen museoa bisitatzeko orduak
    Asteartetik larunbatera:: 10:00 – 13.30 / 16:00 – 19.30
    Igandeak: 10:00 – 13.30
    Gidaturiko bisitak telefonoz hitzartu behar dira, zenbaki honetan: 94 688 11 71
  • Sanjuanportale. Talaia aldera (“tala” bertakoen euskaran) jotzen duen bidean gora, Talako eta Lamerako parkeen bide erdian, herrigune historikoa inguratzen zuen Erdi Aroko harresia zeharkatzen zuten zazpi sarbideetako bat gelditzen da. Gainontzekoa arian-arian eraitsi zen, gehiena XIX. mendean.
    Bermeoko Sanjuanportale

    Harresia hiribilduen elementu bereizgarriak izaten zen, lurralde irekietako herrietan ez bezala, eta defentsarako zeregin garrantzitsua betetzen zuten. Alfontso XI.ak, 1334. urtean, Bermeo gotortzea agindu zuen, eta horretarako 7 ateko harresia eraikiarazi zuen. Lan hori eta harresia mantentzekoak oso nekezak suertatu ziren herritarrentzat denbora luzean, suteak behin eta berriz errepikatzen zirelako.
    Horrenbestez, 1827. urtean, artean herrigune historikoaren zati bat babesten zuen harresitzarra behin betiko bertan behera bota zuten. Ate hau baino ez da gelditzen, eta etxebizitza berriak altxatzeko herritarrek baliatu zituzten harresi-puskak.

    Talaira bidean dagoen zumardirantz (Tonpoi bidea), San Juan portaletik hurrean, Ospitale Psikiatrikoa dago (aldats hasieran, eskuinera) eta herritarren artean “Casa del Niño” ezaguna dena (malda amaieran, ezkerretara jo eta bukaeran, eraikin berrien gune baten ostean gordeta). Nahiz eta bi arkitektura-lan hauek zerikusirik ez izan Ardoaren eta Arrainaren Ibilbideak duen ingurumari historikoarekin (bi-biak baitira XX. mende hasierakoak), ibiltari jakingurak bidean aurkituko ditu eta, dudarik gabe, merezi dute iruzkin bana, euren itxura ederraz gozatzeko.

    Bermeoko Ospitale Psikiatrikoa hainbat moduluz osaturiko osasun zentroa da, burdin hesiaz inguratutako lorategi bat duena. Pabilioi nagusiak hiru eraikin-gorputz ditu, elkarren artean lotuta beste gune galeriadunen bitartez.

    Seberino Atxukarrok eraiki zuen XX. mende hasieran (1900. urtean). Estilo eklektikoa du, han-hemenka elementu gotizistak baditu bere. Aipatzekoa da adreiluaren funtzio apaintzailea: baoak inguratu eta kutsu flandestarra duten erlaitzak errematatzen ditu.

    También de estilo ecléctico y levantada hacia el primer tercio del siglo XX es la “Casa del Niño”, un edificio con función de guardería y centro de puericultura para acoger a los retoños de las “lateras”: obreras de la naciente industria conservera bermeana y, en muchísimas ocasiones, esposas de los marineros del pueblo.

    Casa del Niño” delakoa ere eklektikoa da eta XX. mendearen lehenengo herenean altxatu zen. Bere eginkizuna zen haurtzaindegia eta puerikultura zentroa izatea, “latera” izenekoen haurrak hartzeko (hau da, Bermeoko kontserbagintzan ziharduten langile emakumeen –eta, sarri, herriko marinelen emazteen– haurrak).

    Etxe hau aitzindaria izan zen emakume langilearen asistentzia-zerbitzuak emateko bidean, aldi hartan Bizkaiko oso toki bakanetan baino ez baitziren horrelako ekipamendurik eskaintzen industriguneetan. Arkitektura aldetik konplexua da: aurrez aurre dauden moduluak lotzen dituen eraikina da, lorategi batez inguratua. Fatxada nagusiak bi gorputz angeluzuzen ditu, kanpora irteten direnak, eta sarreraren albo bietan bi gorputz poligonal ditu, eta ibiltarte bikoitzeko eskailera bat, erdian fuste leuneko zutoinekin elkartzen dena.

  • Matxitxako lurmuturra. Itsasoan gehien sartzen den euskal kostaldeko gunea. Bermeoko mendebaldeko mugan dago, Bakiorantz, eta Urdaibaiko mugarrietako bat. Inguru hauetan daude, batetik Matxitxakoko itsasargi zaharraren dorrea, eta bestetik itsasargi berriarena, aspaldiko urteetan itsaso-gaina gauez argiztatzen duena.

    Lurmuturreko natur inguruetatik itsas ekosisteman sar gaitezke lehorra ezertarako utzi gabe. Behatoki aparta da itsaso-hegaztiak eta zetazeoak ikusteko: martin arrunta, lanperna-musua, zanga, gabai iluna, izurde arrunta, izurde muturmotza, zere txikia, eta Armeria euscadiensis izeneko landarearen populazio handienetako bat.

  • San Juan Gaztelugatxekoa. Gaztelugatxe penintsulako ermita ospetsua. Ondoan Akatx uhartetxoa dago. Bion artean biotopo babestua osatzen dute. San Juanen ermita 74 metroko garaieran dago; bertara iristeko, lehenengo, bi begiko zubi bat igaro behar da, eta gero 231 eskailera-maila igo goialderaino heldu aurretik. Jatorria Goiko Erdi Aroan du, eta, diotenez, bertan tenplarioen monasterio bat egon zen.