Astogana. Oiz menditik hurbil dago, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako gailur garaiena da (809 m). Bertako belardi bukolikoetan inguruko herrietako abereak bazkatzen dira.
Gertu samar, Munitibarren udalerrian eta Oiz mendiaren hegaletan, San Kristobal izeneko ermita txiki bat dugu. Herrigune guztietatik aparte, abereei estalpea emateko erabiltzen zen, bai eta artzainek gorputzari atseden eta arimari kontsolamendu emateko ere.
Honelako ermitak bi zatitan banatuta daude: alde batean elizkizunetarako tokia dago, eta bestean abereak gordetzeko estalpea. Aurreneko zati horretan bertan, burdin hesi batek aldarea isolatzen du gainerako espaziotik. Antzina meza San Gregorio egunean egiten zen, maiatzaren 9an, baina aspaldi handian San Kristobal egunean egiten da. Tradizioak agintzen zuen egun horretako elizkizunean olioa bedeinkatu egin behar zela, eta gero belarriko mina zuen gaixoari eman, San Kristobal oso estimatua baitzen min horiek sendatzeko bitarteko gisa.
Oiz deiadar-mendia. Mila metroak doi bat gainditzen dituen arren (1.026 m), Bizkaiko sinklinorioko tontor garaienetako bat da (alegia, Getxoko Punta Galeatik Ermuko Urko mendiraino luzatzen den 50 km-ko tolesdura-lerroa, 2-6 km zabal dena). Urdaibaiko Biosfera Erreserbatik kanpo dago eta Bizkaiko bost deiadar-mendietako bat da (besteak Sollube, Ganekokorta, Kolitza eta Gorbeia dira).
Tontor horietatik bertatik Batzar Nagusietarako deia egiten zen (batzarrotan Bizkaiko ahaldunak biltzen ziren), eta horretarako su handiak pizten ziren gailurretan, txalaparta edo zezen-adarrak joz.
Oiz-eko iturria. Bizkaiko Begiratokia Oizeko gainarekin lotzen duen pistatik behera uraska bat dago, Oizera bidean gora doazen mendizaleen nahitaezko atsedenlekua.
Munitibar
Ambre baserria 1780. urtean eraiki zen eta gaur egun landa-turismorako erabiltzen da.
Bestelakoa izan zen garai batean, hain zuzen “Ambre” izena jarri zitzaion garaian. Bertako herritarrek diotenez, urte askotan pasatako gose gorriak sortarazi zuen, antza, deitura hori. Eskas-aldiei buruzko usteak eta ustekizunak albo batera, egia da baserriko arkuen gainean “ambre” inskripzioa dagoela idatzita. Bi bizitzako etxea da, handia, Ganbe auzoan dagoena, Zugastieta Munitibarrekin lotzen duen errepidearen albo batean. Oin angeluzuzen handi bat dauka, eta bi isuriko estalkia. Harlangaitzezko hormak ditu, harlanduzko izkina, bao eta arkuez hornitua. Sarbidea arku bikoitz bat da, harlanduzko zutabe batean bermaturik.
San Lorenzo ermita. Ganbe auzoko gain batean dago, pinu eta nekosta artean. Herritarren artean “San Lontzo” deitu ohi zaio.
Bi isuriko estalkia du, eta atari itxi txiki bat. Berri samarra da eta inguruko baserri baten jabetzako lurretan altxatzen da. San Lorenzo egunean meza egiten da barruan.
Ganbeko elurzuloa. Izen bereko baserriaren jabetzakoa. Ambre baserritik 200 bat metrora dago, Leizarraga baserriraino doan auzo-bide zahar baten ondoan. 9 m-ko sakonera du, eta 5,8 m-ko diametroa.
Bizkaiko elurzuloak ehunka urtetan erabili izan dira, baina haien goren aldia XVII. eta XVIII. mendeetan izan zen. Bertako elurra jakiak kontserbatzeko erabiltzen zen, bai eta sendabide moduan ere, hainbat gaixotasunen aurka. Elurzulo naturalak eta artifizialak ditugu, estaliak zein estaligabeak. Ganbekoa hasiera estalita bazegoen ere, gaur egun urki batzuek baino ez dute estaltzen. Ondorioz, ingurukoen artean hain etekin onuragarria eman duen zulo artifiziala, tamalez, kontrolik gabeko zabortegi bilakatu da.
Antzina elur-bola handiak jaurtitzen ziren zulora, bertan ondo zanpatu eta orbel-geruzen bitartez banatu. Izotz industriala etortzearekin batera, ordea, elurra ustiatzeko era artisanala galdu zen. Elurzulo gehienak bertan behera abandonatu ziren, baina, harrigarria bada ere, Ganbe baserriko biztanleek jarraitu zuten elurra Gernikan saltzen 1915. urtera arte, XX. mendean sartuxe beraz.
Mendata
Ikeriya errota. Bai burdinolak bai errotak oso baliagarriak izan ziren garai batean eskualdeko garapenari begira.
Denbora aurrera joan ahala, berriz, haien garrantzia ahulduz joan zen, bitarteko berrien eraginez beste aberasbide batzuk jaio baitziren. Horrenbestez, industriagintza haren elementu gutxi iritsi dira gaurdaino. Hala eta guztiz ere, esan beharra dago errotek denboraren joanari eutsi ahal izan diotela, urte hauetan guztietan etxebizitza moduan erabili direlako; ez ordea burdinolek, garaiko ustiategi petoa izan arren.
Ikeriya errota orain arte azaldutako guztiaren erakusgarri bikaina da. Golako errekaren goi-aldean kokatua, Albiz auzoan, oraintsu eraberritu da. Eta, gainera, ehotze mekanismoa bikain kontserbatzen da oraindik.
Golako erreka.Oka ibaiaren adarra da, Astoaburu gainean jaiotzen dena. Ibilbidean zehar han-hemenka sakabanaturiko burdinola eta errota askoren energia-iturri izan da mendeetan zehar, nahiz eta horiek dagoeneko desagertuta dauden. Golako erreka Zarra auzo parera iristen denean, halako mendiarte batean estutzen da eta sigi-saga doa bihurgunez bihurgune. Tarte hau oso ongi kontserbatuta dago, eta bertan irudika dezakegu zer nolako indarra sortzen zuten meandro hauek.
Zarra inguruan, Golako errekaren ibilbidea ikusten den muino batean, Goikoetxe baserria dago, eguteran, hegoaldera begira.
Bi isuriko estalkia duen familia bakarreko etxe hau nekazarientzako sortu zen. Bertan bizi eta lan egiten zuten, eta jakiak eta lanabesak gorde, animaliak eta abereak hazi eta zaindu. Gaur egun eraberrituta dago eta bi familiako etxebizitza da.
Goikoetxe Bizkaiko XVI. eta XVII. mende hasierako baserri-eredu bikaina da, bilbadura errenazentistaren eta barrokoaren arteko trantsizioa gauzatu zutenen prototipoa. 25 zutoin handiez osaturiko armazoi batek eusten dio, harlangaitzezko hormez itxiak. Oraindik jatorrizko armazoia du. Beste elementu aipagarri bat atariko erdiko zutabea da.
Zarraren erdigunean garbitokia dago. Benetako harribitxia da arkitektura txikiko elementuen artean, oso gutxi baitira gaurdaino iraun dutenak, are gutxiago honena bezalako egoeran. Uraska bat du, eta iturri bat askaduna. Garbitokia lau isuriko teilape batek estaltzen du, lau zutaberen gainean bermatua.
Albiz auzoa Mendatako udalerria osatzen duten lau auzoetako bat da. Bizkaiko Kofradiaren hasierako guneetako bat izan zen. Albiztarren dorretxea izan zuen sorleku –hortik haren izena–, eta ondare arkitektoniko interesgarria gordetzen du.
Albizeko Magdalena eliza. Diotenez, hasieran ermita bat izan zen.
Gaur egungo eliza XVI. mendekoa da, baina oraintsu eraberritu da, eta eliza inguratzen duen atarian batzar-mahai bat du. Horrelako mahaiak ohikoak ziren herri txikietako elizetan, eta euren zeregina izaten zen batzarleku bat egotea elizaurreetan, elizateetako biztanleak batzartu eta erabakiak hartzeko. Batzar hauetan du jatorria, hain zuzen, gaurko “elizate” hitzak. Elizak inguruetako herri-erloju zaharrenetariko bat du: Juan Miguel Hormaetxegoitiak egin zuen 1828. urtean, eta esfera mekaniko bakarra du.
Albiz jauregia. XVIII. mendekoa, aurrealdean bi armarri erakusten ditu: Albiztarrena eta Allende-Salazartarrena. Handik gertu, familia horietako baten dorretxe zaharkitu baten hondakinak daude, Albiztarrena. Familia hori eskualdeko antzinako leinu zaharrenetakoa da.
Albiz dorretxea leinu horren oinetxea da, eta zutik irauten du, nahiz eta behin eta berriro erre izan den.
Gaur ikus daitekeen etxe hondatua XVI. mendeko eraberrikuntza da, gotiko-errenazentista. Fatxada bakoitza 13 metro zabal eta 12 metro garai da, eta metro bateko lodierako hormak ditu. Argazki zaharrek erakusten dutenez, bi isuriko teilatua zuen. Horrek, eta etxeak oro har duen garaiera eskasak, pentsarazten dute dorrea moztua izan zela. Gezileiho batzuk ikus daitezke oraindik, bertatik etsaiari geziak jaurtitzeko egindako leiho estuak. Lehen ere adierazi dugunez, Albiztarren genealogia aspaldikoa da, Urdaibain aipatzen den lehen leinuetako bat baita.
Albiz auzoan gindax bat ikus daiteke, hau da, txirrika eta uhalez egindako garabi txikia, abereak altxatu eta ferratzeko. “Albizeko gindaxa” gelditzen diren bakanetakoa da.
Berrekondo ibaia. Oka ibaiaren adarra da, Albiz auzoko goi-aldean jaiotzen dena. Mendata igaro eta gero Ajangizeko Kanpantxu auzora jotzen du, urak Oka ibaian isuri baino lehen. Ibaia estu-estu baitoa bere ubidean, ez da herrigunerik ertzetan, ezpada ere urrutiagoko muinoetan.
Mendatako San Migel eliza (Elexalde).
Elexalde auzoan dago eta gotiko-errenazentista da, XVI. mendekoa.
Portada errenazentista-manierista da, oso ederra. Eliza inguratzen duen ataritik gertu harrizko mahai bat du, auzotarrak batzartu eta erabaki garrantzitsuak hartzeko.
Mendatako jatorrizko parrokia-elizak X. mendekoa behar zuen, oraingoa dagoen muino berean eraikia.
Kalbario mendia. Mendixka hau Elexalde ondoan dago. Goiko aldean kalbario bat dago, nahiko hondatuta: hiru gurutze, gurutziltzatzearen oroigarri. Orain urte batzuk, mendatarrek Gurutze Bidea egiten zuten honaino Aste Santuan, eta tradizio horri zor dio mendiak izena.
Mendatako “Baserriaren Interpretazio Zentroa”. Mendatako sarreran dago, eta baserria ezagutzeko gunea da. Aukera bikaina da baserria, bai barrutik bai kanpotik, ondo ezagutzeko: euskal etxe berezi honen barne-espazioa, sukaldea, logelak, nekazaritza-tresnak, eta etxe-abereen, ganaduaren eta gizakiaren arteko elkarbizitza egoitza berean.
Horri erantsia, berriki inauguratu den udal aterpea dugu, 36 lagun jasotzeko prestatua: lau logela, liburutegia eta audioteka, pilotalekua, futbol eta saskibaloi zelaiak, lorategia eta zabuak.
Gernika
Gernikako Azoka. Busturialde osoan baserriko produktuak erakusten dituen azoka nagusia da. Urteko astelehen guztietan egiten da, baina urriko lehen astelehenekoa eta, batik bat, azken astelehenekoa dira jendetsuenak. Gernikako bonbardaketak 1937. urtean suntsitutako azoka zaharra zegoen leku berean eraiki zen oraingoa.
Santa Anako ermita. Santa Ana auzoan dago. Hormak harlangaitzezkoak ditu, harlanduzko ertzekin. Lau isuriko teilatua du. Fatxada nagusiak arku zorrotzeko bao bat du, eta leiho atalburudun bat. Gernikako bonbardaketaren ondorioz behea jo zuen. Gaur egun hondatuta dago. Teilatua erori zenean, barruko irudiak –antzina-antzinakoak– kendu egin zituzten. Elizkizunak bezala, zeren ez baitira joan deneko 40 urteetan egin.
Forua
San Kristobal eliza Izen bereko auzoan dago, Foruko udalerrian. Garai batean atari bat behar zuen, baina egun zutoien oinarriak baino ez dira gelditzen. Lurperatzeak egon ziren, antza, sarrerako lauzen azpian, giza hondakinak agertu baitira. Honelako beste batzuetan bezala, ermita honen kanpoaldean ere batzarretarako mahai bat zegoen. Duela gutxi arte, inguruko herritarrek San Kristobalengana jotzen zuten sendabide eske, belarriko mina kenduko zuen olioa bedeinkatzeko, eta San Andresengana haurrak lehenbailehen berbetan ikas zezaten.
Urdaibai dorretxea.Lurraldeko leinu garrantzitsu baten oinetxea da. Iñigo López jaunak Donemiliaga Kukullako monasterioari eman zion 1051. urtean. Orduko harlanduzko eraikin arranditsua, Errege Bidearen ondoko mendixkan zaindari, ez da gaur egun ia ezer:
1929.urtean sute batek kalte handia egin zion. Hondakinen artean, horma bik baino ez dute zutik iraun, eta deitura esanguratsu bat (“Perejil” gaztelua). Izen ofiziala (Urdaibai dorretxea) Urdaibaiko Biosfera Erreserba izendatzeko erabiltzen da (urde ibai edo basurdeen ibai, garai batean ugaztun hori ugaria zelako).
Foruko Atxako harrobia. Antzina ibai-arroko ia herri gehienek zuten kareharrizko harrobi bat. Bertatik ateratako harria eraikuntzarako edo karea egiteko erabiltzen zuten. Foruko kareharri gehiena Foruko Atxaren ingurutik erauzi da. Lehengo harrobi zaharra utzi (haren aztarnak ikus daitezke), eta berria ireki zen. Gaur egun ere indarrean dago.
Atxetako haitzuloa. Hasieran pentsatu zenaz bestera, haitzuloa ez zen inoiz bizitokitzat erabili. Gehiago zen lantoki moduko bat: hainbat tresna egiteko, sukarria eta beste material batzuk lantzen ziren “lantegi” honetan. Atxetan landutako sukarria, jatorriz, Errigoitiko aztarnategi txiki batekoa da.
Giñerradi haitzuloa. 1919.urtean aurkitu zuen Jose Migel Barandiaranek. Aztarna interesgarriak gorde zitzakeelakoan, hainbat ikerketa-proiektu egin ziren. Baina 60ko hamarkadan, ondoko harrobia ustiatzeko lanek eragindako lurrikarek bertan behera eraitsi zuten haitzuloa.
Behea jo baino lehen, erromatarren garaiko lanabesak aurkitu zituzten goi-mailetan. Horrek pentsarazten du zeramika erromatarraren Bizkaiko aztarnategi garrantzitsuenetako bat zela. Horretaz gainera, Isis (Halabeharra) jainko erromatarraren brontzezko irudi bat agertu zen, orein-adar itxurako txilibitu bat (K.a. 8.000 eta 10.000 urte bitartekoa), hortz bat kontserbatzen duen masailezurra, kristalezko eraztun bat eta beste hainbat aztarna arkeologiko. Hori guztia ikusgai dago Bilboko Euskal Museoan (Unamunoren plaza 4, 94 415 54 23 telefonoa, www.euskal-museoa.org).
Kurutzeko Ama Birjina.. Santa Kurtzia izeneko parajean dago, Baldatika auzora doan bide ondoan. Hilarri zahar baten zatia da, K. a. I-III. mendekoa, berrerabili eta gurtzeko gai moduan erabili izan dena. Inguruko herritarren artean aparteko begirunea du, ikusi besterik ez dago zenbat basalore-sorta jartzen dizkioten oinarrian. Arretaz begiratuz gero, hiru aldeetan hainbat sinbolo ikusten dira, garai ezberdinetakoak antza. Hortik segitzen da hilarria behin baino gehiagotan erabili izan dela. Apaingarri-ikur horietako batean Ama Birjina ikusten da, eta halaxe jaso zuen mugarri honek bere izena.
Txakolina parraletan jartzeko pilastrak, kono-enbor formako pilareak dira, txakolinaren mahats-parrei eusteko eginak (txakolina da Bizkaian eta Gipuzkoan, batik bat, egiten den ardo arin eta zertxobait garratza). Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan, etnografia aldetik hain interes bizia duten zutarri hauek hementxe kontserbatzen dira hobekien.