Arautegia

Inprimatu

32/2008 DEKRETUA, otsailaren 26koa, Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 46
  • Hurrenkera-zk.: 1360
  • Xedapen-zk.: 32
  • Xedapen-data: 2008/02/26
  • Argitaratze-data: 2008/03/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Herriko Autonomi Estatutuak, bere 16. artikuluan ezartzen du "Konstituzioaren lehen Xedapen Gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 149.1.30. artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke".

Kualifikazioei eta lanbide-heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak lanbide-heziketa, kualifikazio eta egiaztatzeen sistema integrala arautu du, eraginkortasunez eta gardentasunez erantzuteko asmoz eskari sozial eta ekonomikoei, prestakuntza-modalitate jakin batzuk prestatuz.

Lege horrek emandako definizioaren arabera, lanbide-heziketa prestakuntza multzoa da, zeinaren bidez lanbide ezberdinetan aritzeko, enplegua lortzeko eta gizarte, kultur zein ekonomi bizitzan parte hartzeko gaitasuna lortzen baita; horrez gain, eta betiere lan egiteko gaitasunak eduki eta eguneratze aldera, lanbide-heziketaren barruan ondokoak ere jasotzen dira: hasierako lanbide-heziketaren irakaspenak, langileak lehenengoz laneratzeko nahiz berriz laneratzeko ekintzak eta enpresek ematen duten etengabeko prestakuntza, langileei aukera emateko gaitasun profesionala eskuratzeko eta uneoro berritzeko.

Bestalde, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak xedatu zuen Gobernuak ezarriko dituela, autonomia-erkidegoei kontsulta egin ostean, lanbide-heziketako ikasketei dagozkien tituluak eta horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko ezaugarriak. Lege horrek hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa arautzen du, eta erdi eta goi mailako prestakuntza-zikloen multzo gisa definitzen du lanbide-heziketa; ziklo horien bidez, hain zuzen, lan-esparruko jardunerako prestatzen dira ikasleak, bizitzan zehar gerta daitezkeen lan-aldaketetara egokitzen laguntzen zaie eta garapen pertsonala eta herritartasun demokratikoa indartzen dute. Lege horren bidez, gainera, lanbide-heziketara sartzeko modua are malguagoa izango da, bai eta lanbide-heziketako azpisistema ezberdinen arteko erlazioak ere. Bestalde, bizitza osoko ikasketa ere sustatzen du, gazteei hezkuntza osoa eskainiz, hau da, egungo gizartean beharrezkoak diren ezagutzak eta oinarrizko gaitasunak ematen dituen hezkuntza baina, aldi berean, ikasten jarraitzeko nahia eta beren kabuz ikasteko gaitasuna sustatuz. Gazte eta helduei aukera ematen die ikasketak eta prestakuntza familiako ardurekin, lanarekin edo bestelako jarduerekin bateratzeko.

Titulu berriek eta horiek eskuratzeko irakaspenak ezagutzaren gizarteak dituen beharrizanen ondoriozkoak dira, kontuan hartuta gizarte honek lehiakortasuna, lana lortzea, lan-aldaketa eta kohesioaren eta gizarteratzearen sustapena hartzen dituela oinarri gisa pertsonen interes eta gaitasunetara egokituz. Ekoizpen-sistemak eskatzen duen prestakuntza eman nahi zaie pertsonei eta, horrez gain, lanbide-heziketako tituluak lan-merkatuaren errealitatera hurbildu.

Lanbide-heziketako tituluek sistema sozioekonomikoaren premien ondorioz lan-munduan eskatzen diren lanbide-profilak sortu beharko dituzte. Izan ere, honakoek zehazten dituzte aipatutako profilak: gaitasun orokorrak; gaitasun profesional, pertsonal eta sozialak, eta tituluan jasotzen diren kualifikazioen eta Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko gaitasun-unitateen arteko erlazioa.

Lanbide-heziketaren eskaintza, sarbide, onarpen eta matrikulari malgutasun handiagoa eman zaie, izan ere, helburua da teknikariaren eta goi mailako teknikariaren tituluak eskuratzeko irakaspenek aukera eman dezatela beharrizan eta interes pertsonaletara egokitzeko prestakuntza-bideak eratzeko eta prestakuntzatik lanera eta lanetik prestakuntzara bidea zabaltzeko.

Dekretu honen helburua da prestakuntza-zikloek eduki behar duten egitura, antolaketa eta arauak ezartzea eta, era berean, ziklo horietako tituluak eta curriculuma Euskal Autonomia Erkidegoan garatzea.

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko 19. artikulutik 22. artikulura bitartean ezartzen diren tramiteak gauzatu dira.

Hori dela bide, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko otsailaren 26an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Dekretu honek hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa Euskal Autonomia Erkidegoan garatzeko antolamendua eta araudia ezarri du.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren helburuak honakoak dira: pertsonak lan egiteko prestatzea, bizitzan zehar gerta daitezkeen lan-aldaketetara egokitzen laguntzea eta garapen pertsonala, herritartasun demokratikoa eta etengabeko ikasketa sustatzea.

Pertsonak prestatzeko, oso garrantzitsua da zenbait jarrera eta arau ematea, hala nola: ingurumena errespetatzea, segurtasun eta laneko arriskuak ekiditeko araudia betetzea eta norberaren jardunaren kalitatea lantzea, etengabeko hobekuntza eta izaera ekintzailea indartzeko lagungarri baitira.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketak, halaber, ondoko helburuak izango ditu: pertsonaren garapen osoa lortzea, sexuaren araberako estereotipoak eta eginkizunak alde batera utzita; edozein bereizketa motaren aurka agertzea, eta sexuak erabakitzen ez duen orientazio akademikoa eta profesionala bermatzea.

  1. – Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren tituluak teknikaria eta goi mailako teknikaria dira, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 44. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

  2. – Tituluak kualifikazioak eta gaitasunak egiaztatzeko dira; prestakuntza-maila jakin bat bermatzen dute gainera (gaitasun profesionalak, pertsonalak eta sozialak barne), lehiakortasuna, lana lortzea eta kohesio soziala bultzatze aldera.

  1. – Teknikariaren eta goi mailako teknikariaren tituluak lortzeko behar diren irakaspenak erdi eta goi mailako (hurrenez hurren) lanbide-heziketarako prestakuntza-zikloetan antolatuko dira.

  2. – Erdi mailako lanbide-heziketaren irakaspenak derrigorrezkoaren ondoko bigarren hezkuntzan sartzen dira. Irakaspen horiei esker, beharrezko gaitasuna hartuko dute exekutatzeko eta antolatzeko lanak behar bezala egiteko. Autonomoak izan daitezke, hortaz, eta muga bakarrak lan horretarako erabiltzen diren tresnak eta teknikak izango dira.

  3. – Goi mailako lanbide-heziketaren irakaspenak goi hezkuntzan sartzen dira. Irakaspen horiei esker, modu autonomoan edota maila handiagoko erantzukizunetan beste baten laguntza izanda egiteko moduko lan teknikoei lotuta dauden jarduerak gauzatu ahal izango dituzte.

  4. – Prestakuntza-zikloak lanbide-moduluetan antolatuko dira, modulu horien iraupena aldakorra izanik.

  5. – Erdi eta goi mailako prestakuntza-zikloetako irakaspenetan, ziklo bakoitzean, helburu orokorrak eta lanbide-moduluak izango dira.

  1. – Lanbide-moduluetan ezagutza teoriko-praktikoen arloak egongo dira, lortu nahi diren gaitasun profesionalen (gaitasun-unitateetan zehaztutakoak barne), sozialen eta pertsonalen arabera.

  2. – Izaera kontuan hartuta, lanbide-moduluak Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko gaitasun-unitateei lotuta egon daitezke edo ez.

  3. – Prestakuntza-ziklo guztiek izango dute Lantokiko Bertako Prestaketa modulu profesional bat, baina modulua ez da lana izango. Ez dute modulua egin beharrik izango dagokien lanbide-ikasketei lotutako lan-esperientzia dekretu honetako 27.2. artikuluan ezarri bezala egiaztatzen duten pertsonek.

    Oro har, Lantokiko Bertako Prestaketa modulu profesionala egin ahal izateko lehenbizi Hezkuntza-zentroan egindako lanbide-modulu guztiak gainditu beharko dira. Alabaina, titulu bakoitzari dagozkion irakaspenak EAErako ezarri eta arautzen dituzten dekretuek beste epe bat ezar dezakete eskaintza mota, prestakuntza-zikloaren ezaugarriak edo enpresetan prestakuntza-lanposturik dagoen kontuan hartuta; horrelakoetan, Lantokiko Bertako Prestaketa modulu profesionala egiteko gainditu behar diren lanbide-moduluak zein diren zehaztu beharko da.

  4. – Goi mailako prestakuntza-ziklo guztiek izango dute proiekturako lanbide-modulu bat.

    1. Prestakuntza-zikloaren azken urtean egingo da modulu hau eta Lantokiko Bertako Prestaketa modulu profesionala amaitu ostean ebaluatuko da, enpresan praktikak egitean lortu den esperientzia lagungarri dakion.

    2. Banako eta taldeko tutoretza emango da, eta prestakuntza-zikloko irakasleek emango dute.

    3. Goi mailako prestakuntza-ziklo bakoitzeko curriculumean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztuko ditu moduluaren xedeak, metodologiak eta ebaluatzeko jarraibideak.

  5. – Etengabeko prestakuntza sustatzeko asmoz, lanbide-moduluak prestakuntza-unitate laburragoetan ematea arautuko du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak. Unitate horietan ziurtagiriak ere emango dira, eta ziurtagiriok Euskal Autonomia Erkidego osorako balio izango dute. Prestakuntza-unitate guztiak gainditzen dituenari lanbide-moduluaren ziurtagiria emango zaio.

  6. – Aurreko atalean azaldu den irakaspena bereziki egokia da dekretu honetako 11. artikuluaren 1. idatz-zatian deskribatzen den eskaintzari dagokionez, lan-merkatuan aukera gutxien duten pertsonak edo taldeak gizarteratu eta laneratzeko.

  7. – Titulu bakoitzeko curriculuma ezartzen duen dekretuak zehaztuko du nola sartuko den atzerritar hizkuntzaren prestakuntza.

Lanbide Heziketa tituluak, Dekretu honek arautzen dituen eskaintza ezberdinen bidez, edo zuzenean lortzeko antolatzen diren probak gaindituz, lor daitezke.

Hezkuntza-zentroek eskainiko dituzte, oro har eta batez ere Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa amaitu duten ikasleentzat, osorik baimenduta dituzten prestakuntza-zikloak. Ikasleak, bestalde, dekretu honetako 29. artikuluan ezartzen den bezala egin beharko du matrikula.

Baimena duten zentroek prestakuntza-zikloen eskaintza partziala egin ahal izango dute. Kasu horretan ikasleak lanbide-moduluka matrikulatu ahal izango dira, 29. artikuluan ezarritakoa betez. Baina eskaintza hau helduentzako baino ez da eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak arautuko du.

Urrutiko prestakuntzaren irakaskuntzarako (modalitate guztiak kontuan hartuta) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuak ezarriko ditu, agindu baten bidez, prestakuntzaren eskaintza, sarbidea, matrikula, ebaluazioa eta eskaintza honetarako baimena duten zentroak. Izan ere, prestakuntza burutzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu sailak.

  1. – Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuak arautuko ditu teknikariaren eta goi mailako teknikariaren tituluak eskuratzeko proben deialdia eta prozedura. Probak gutxienez urtean behin deituko dira. Deialdian, besteak beste, honakoak zehaztuko dira: probak egiteko izendatzen diren Hezkuntza-zentro publikoak, probak zein prestakuntza-ziklotarako diren, matrikula egiteko epea eta probak noiz egingo diren. Lanbide-modulu bakoitzeko ebaluazio bat egingo da eta probetako edukiak indarrean dauden prestakuntza-zikloetako curriculumei buruzkoa izango dira.

  2. – Probetara aurkezteko honako baldintza hauek bete behar dira:

    1. Teknikariaren tituluaren kasuan hamazortzi urte izatea, eta goi mailako teknikariaren tituluaren kasuan hogei urte. Baina teknikariaren titulua edukita goi mailako teknikariarena lortu nahi dutenek hemeretzi urte izan behar dituzte.

    2. Dekretu honetako 13.1. artikuluan ezartzen diren titulu akademikoak izatea.

    3. Dekretu honetako 5. artikuluaren 5. idatz-zatian aipatzen den eskaintza egin duten pertsonak proba hauetara aurkez daitezke gainditu gabe dituzten lanbide-moduluak gainditu ahal izateko, nahiz eta titulu akademikorik ez izan, 11. artikuluko 3. idatz-zatian ezarritakoa betez.

  1. – Baimena duten zentroek tituluetan sartzen diren eta gaitasun-unitateei lotuta dauden lanbide-moduluak eskaini ahal izango dituzte.

  2. – Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak zehaztuko du jasotako prestakuntza nola kapitalizatuko den lanbide-heziketako titulua eskuratzeko.

  3. – Artikulu honetan aipatzen den eskaintzan parte hartu duten pertsonek lanbide-moduluren bat gainditu gabe badute, teknikariaren eta goi mailako teknikariaren tituluak eskuratzeko probetara edo dekretu honetan jasotako beste edozein eskaintza-modalitatera aurkeztu ahal izango dute bere burua.

  4. – Nolanahi ere, titulua eskatzeko dekretu honetako 13. artikuluan aipatzen diren tituluak eduki behar izango dira edo, bestela, 14 eta 15. artikuluetan aipatzen diren sarbide-probak gaindituta eduki.

Lan-esperientzia eta ikasketa ez-formalak errazago kapitalizatzeko asmoz, helduek ere jaso ahal izango dituzte tituluak, ekainaren 19ko 5/2002 Legeko 8.3. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera edo Lanbide Heziketa Berezituko Teknikari eta Goi Mailako Teknikari tituluak ateratzeko probak arautzen dituen 70/2004, Apirilaren 27ko Dekretuaren 7. artikuluan jasotzen den ebaluatzeko eta aitortzeko ahalmenak aplikatuz.

  1. – Erdi mailako prestakuntza-zikloetara sartzeko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatua eduki beharko da, eta goi mailako prestakuntza-zikloetara sartzeko, batxilergoko titulua.

  2. – Proba bat gaindituta ere egin ahal izango dira ikasketa horiek, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arau bidez ezartzen duenarekin bat etorriz. Probak gutxienez urtean behin deituko dira.

  3. – Unibertsitatera sartzeko 25 urte baino gehiagokoentzako probak gaindituta dituztenek ez dute aurreko puntuan azaldutako probarik egin beharko.

  1. – Erdi mailako prestakuntza-zikloetan sartzeko probak ikasleak irakaskuntza horiek aprobetxatzeko nahikoa ezagutza eta gaitasun dituela ziurtatu beharko du.

  2. – Erdi mailako prestakuntza-zikloetara modu honetara sartzeko gutxienez hamazazpi urte beteta izan behar ditu ikasleak proba egin behar den urte horretan.

  3. – Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak, indarrean dagoen araudian ezarritakoarekin bat etorriz, arautuko du dagokion probako atal bat egitetik salbuetsita dauden pertsonak: hasierako lanbide-prestakuntzako programa bateko derrigorrezko moduluak gainditu dituztenak, profesionaltasun ziurtagiria dutenak edo egin nahi diren ikasketekin lotutako lan-esparruan gutxienez urtebeteko lanaldi osoaren baliokidea den prestakuntza edo lan-esperientzia egiaztatzen dutenak.

  1. – Goi mailako lanbide-heziketan sartzeko probak ikasleak batxilergoko helburuekin lotutako heldutasuna duela eta dagokion lan-esparruko gaitasunak dituela ziurtatu beharko du.

  2. – Goi mailako prestakuntza-zikloetara modu honetara sartzeko gutxienez hemeretzi urte izan beharko ditu ikasleak, proba egiten duen urtean bertan beteta, edo gutxienez hamazortzi urte beteta eduki beharko ditu ikasi nahi duen zikloari lotutako teknikariaren titulua duela frogatzen duen ikasleak.

  3. – Probak atal orokor bat eta atal zehatz bat izango ditu. Atal orokorraren bidez hautagaien heldutasuna eta gaitasuna baloratuko dira, goi mailako lanbide-heziketako ikasketak gaindi ditzaketen ikusteko; arrazoitzeko gaitasuna eta idatzizko adierazpena ere baloratuko dira. Atal hau, batxilergoko gai oinarrizkoenei buruzkoa izango da. Atal bereziaren bidez, dagokion lan-esparrurako oinarrizko gaitasunak baloratuko dira. Atal hau, 1538/2006 Errege Dekretuaren 6.h) artikuluan aipatzen diren batxilergoko gaien oinarrizko ezagutzei buruzkoa izango da.

  4. – Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak, indarrean dagoen araudian ezarritakoarekin bat etorriz, arautuko du dagokion probako atal bat egitetik salbuetsita dauden pertsonak: erdi mailako prestakuntza-ziklo bat gainditu dutenak, ikasi nahi den prestakuntza-zikloari lotutako profesionaltasun ziurtagiria dutenak edo egin nahi diren ikasketekin lotutako lan-esparruan gutxienez urtebeteko lanaldi osoaren baliokidea den prestakuntza edo lan-esperientzia egiaztatzen dutenak.

  1. – Erdi eta goi mailako prestakuntza-zikloetan sartzeko proba, eta zehazki probako atal bakoitza, zerotik hamarrera kalifikatuko da. Probako atal bakoitzean gutxienez lau puntu atera behar dira eta, horrela, probaren azken nota kalkulatzeko atal bien batezbestekoa aterako da. Batezbesteko hau bi hamartarrekin emango da. Proba gaindituko dute bost puntu edo gehiago ateratzen dituztenek.

  2. – Sarbide-probarako prestatzeko ikastaroa egin duten pertsonen kasuan, azken nota kalkulatzean aurreko puntuan azaldutako batezbesteko aritmetikoari hurrengo puntuazioa gehituko zaio: prestakuntza ikastaroan lortutako kalifikazioa 0,15 koefizienteaz biderkatuta ateratzen dena.

Erdi eta goi mailako prestakuntza-zikloetan sartzeko probak estatu osoan izango dira baliozkoak. Goi mailako prestakuntza-zikloetan, ziklo bakoitzera sartzeko probaren atal zehatzaren arabera erabakiko da ikaslea sartzen den ala ez.

  1. – Euskadiko Autonomia Elkartean ezartzen diren prestakuntza-zikloetako curriculumetan gutxienez hurrengo alderdiak jasoko dira.

    1. Lanbide-profila, gaitasun orokorraren eta lanbide-prestakuntzaren arabera.

    2. Prestakuntza-zikloa osatzen duten helburuak eta lanbide-moduluak (tituluaren irakaspenak).

    3. Lanbide-moduluak ebaluatzeko helburu eta irizpide orokorrak.

    4. Lanbide-moduluen edukiak.

    5. Lanbide-modulu bakoitzaren iraupena.

    6. Lanbide-moduluen denborazko banaketa, tituluko irakaspenen eskaintza duten ikastaroetan.

    7. Titulu bakoitzari lotutako prestakuntza emateko gutxieneko baliabide didaktiko eta teknologikoen hornikuntza.

    8. Batxilergoko modalitateetarako sarrerak eta, hala dagokionean, unibertsitateko ikasketetarako sarrera.

      Horien guztien artean, 1.d) atalean aipatzen direnak zentroek garatu ahal izango dituzte dagokien testuingurura hobeto egokitu daitezen. Gainerako ataletan aipatzen direnak, aldiz, artikulu honetan ezarri bezala eta ezarritako kopuruan aplikatuko dira.

  2. – Curriculumak garatzean kontuan hartu beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko garapen ekonomiko eta sozialaren beharrizanak eta giza baliabideen egitura, Euskal Herriko ingurura eta lanaren egitura ekonomikora behar bezala egokitu daitezen.

  1. – Hezkuntza-zentroek irakaskuntza profesionalen curriculuma garatu eta Urteko Programazio Orokorrean islatuko dute, bere gizarte eta ekoizpen inguruneko ekonomi, gizarte eta giza baliabideen garapen beharrizanak kontuan hartuta betiere.

  2. – Prestakuntza-ziklo bat baino gehiago ematen duten zentroetako Urteko Programazio Orokorra irizpide homogeneoekin eratuko da, baina lanbide bakoitzaren irakaspenetarako ezartzea komeni diren zehaztapenak errespetatuz.

  1. – Prestakuntza-ziklo bateko irakasle-taldeak osatzen du zikloaren irakaskuntza-taldea.

    Orokorrean, lanbide-modulu bakoitza irakasle batek emango du; baina gerta daiteke moduluren batean irakasle adituren baten laguntza ere izatea, eskaintza partzialen barruan, edota, bidezkoa bada, Lantokiko Bertako Prestaketa modulu profesionaletan.

  2. – Prestakuntza-ziklo bateko irakasle kopurua, koordinazioa eta kohesioa errazteko, ahalik eta txikiena izango da; gainera, ikasle taldeak ziklo osoan zehar irakasle berberak izatea eta zikloak irauten duen bitartean koordinatuta egotea bultzatuko da.

    Halaber, lanbide-familia bereko prestakuntza-zikloak ematen dituzten irakasleen lana koordinatua izango da, baita lanbide-familia bateko edo batzuetako prestakuntza-zikloekiko zeharkakoak diren lanbide-moduluetako irakasleen lana ere.

  3. – Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa ematen duten zentro guztiek izango dute lantokietan egindako praktiken koordinatzaile bat. Koordinatzaile honen eginkizun nagusiak honakoak izango dira: Hezkuntza-zentroaren eta lantokiaren arteko harremanak ezartzen eta garatzen laguntzea, eta zentroko Lantokiko Bertako Prestaketa modulu profesionalen tutoreen ekintzak koordinatzea.

    Bestalde, Lantokiko Bertako Prestaketa modulu profesionalen tutoreak garatu eta koordinatuko ditu moduluko irakaskuntza-ekintzak prestatzailearekin batera; azken hau, hain zuzen, lantokiak bertan ematen den prestakuntzaren arduradun gisa eskaintzen duen aditua da.

  1. – Zentroko sail bakoitzak programazio bakarra izango du lanbide-modulu bakoitzeko, eta programazio hori modulua emango duten irakasleen espezialitateko irakasleek garatuko dute elkargo moduan jokatuta. Talde guztietan aplikatuko da programazioa, modulua ematen duten irakasle guztiek aplikatuko baitute. Prestakuntza-zikloaren irakasle taldeko irakasle bakoitzak programazio orokorra egokitu eta testuinguruan sartu beharko du, dagokion taldearen inguruabarrak eta ezaugarriak kontuan hartuz.

    Lantokiko Bertako Prestaketa modulu profesionalaren kasua berezia denez, modulu hauetako arduradunak erabakiko du, lantokiko prestatzailearekin batera, zein izango diren ikaslea lantokian dagoen bitartean garatuko diren jarduerak eta horien gauzatze-maila zehazteko irizpideak.

    Aurreko paragrafoetan aipatzen den programazioan hurrengo alderdiak behar bezala zehaztuta agertu beharko dira:

    1. Lanbide-modulua osatzen duten eta garatzen lagunduko duten unitate didaktikoen zerrenda.

    2. Unitate didaktikoen sekuentziazioa eta horietako bakoitza garatzeko ezarri den denbora.

    3. Unitate didaktiko bakoitzean honakoak zehaztuko dira gainera:

      1. Lortu nahi diren helburuak.

      2. Garatuko diren edukiak.

      3. Irakaskuntza-ikaskuntza jarduerak eta ebaluazio jarduerak, zertarako egingo diren eta nola egingo diren justifikatuz; eta jarduera horiek gauzatzeko beharrezkoak diren baliabideak:

    4. Errefortzu- edo errekuperazio-jarduerak.

    5. Aurrerapena egiaztatzeko eta ikasleei nota jartzeko aplikatuko diren ebaluazio irizpideak.

  2. – Irakasleek bere taldeko ikasleen heziketa-beharrizanetara egokituko dituzte programazioak. Ikaslearen aurrerapena ez badator bat, orokorrean, programatutako helburuekin, irakasleek heziketa indartzeko eta, hala dagokionean, curriculuma egokitzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte.

    Hezkuntza beharrizan bereziengatik eskolatze-aldi malguagoa behar duten ikasleen kasuan, irakasleek horrelakoetarako ezarritakoa beteko dute, baina kontuan izango dute curriculuma aldatzeak ez dakarrela, inolaz ere, tituluak egiaztatzen duen gaitasun orokorra lortzeko oinarrizko gaitasun profesionalei lotutako helburuak kentzea.

  3. – Prestakuntza-ziklo bateko ikasleen talde bakoitzak irakasle tutore bat izango du, eta honek koordinatuko ditu ikasle bakoitzarentzat irakasle guztiek garatuko dituzten jarraipen eta orientazio akademiko, pertsonal eta profesionalen prozesuak. Lanbide-moduluen eskaintza partzialean, lanbide-modulu bakoitza emango duen irakasleak hartuko du horri dagokion tutoretza.

Berariazko Lanbide-heziketaren metodologia didaktikoak eduki zientifikoak, teknologikoak eta antolaketakoak sartzearen alde egingo du. Halaber, ikasleek bere kabuz ikastea eta talde-lanean aritzea bultzatuko du; berdintasunezko harremanak sustatuko ditu; eta itxaropenak betetzen eta ikasleen interesak betetzen lagunduko du, edozein bereizkeria mota baztertuz.

  1. – Irakasleek banaka eta taldeka ebaluatuko dituzte ikasleek ikasitakoa eta ematen zaien irakaskuntza. Hain zuzen, irakaskuntza baliozkotzean, besteak beste, curriculumaren programazioa, antolaketa eta zehaztapena hartuko dituzte kontuan, ekoizpen inguruaren ezaugarrietara eta ikasleen beharrizanetara egokitzeko. Hori gorabehera, Hezkuntzako Ikuskaritzak dagozkion eginkizunak beteko ditu.

  2. – Ikaslearen ikaskuntza etengabe ebaluatuko da; lanbide-moduluka egingo da eta, horretarako, irakasleek prestakuntza-ziklo bakoitzean dauden lanbide-modulu guztiak hartuko dituzte aintzat. Prestakuntza-zikloa emango duten irakasleek egindako ebaluazioa tutoreak koordinatuko du.

  1. – Irakasleek ebaluazioa egiteko aplikatuko dituztenirizpideen eta prozeduren oinarriak hauek izango dira: lanbide-modulu bakoitzeko ebaluaziorako helburuak eta irizpideak; prestakuntza-zikloaren helburu orokorrak, tituluari dagokion gaitasun profesionala jasotzen dutelako; eta ikasleek dekretu honetako 2. artikuluan ezartzen diren gainerako helburuekiko lortutako heldutasuna.

  2. – Lantokiko Bertako Prestaketa modulu profesionala ebaluatzeko, modulua ematen duen tutoreak edo irakasleak lehentasuna emango dio ikaslea lantokian egon den bitartean izan duen prestatzaileak edo prestatzaileek egindako balorazioari.

  3. – Ebaluatzeko prozedurak ikasle ezinduen beharrizan metodologikoetara egokituko dira; gainera, ikasle hauek ebaluaziorako probetan parte hartzeko aukera izan dezaten bermatuko da.

  4. – Prestakuntza-ziklo bat gainditzeko, zikloak dituen modulu guztiak gainditu behar izango dira.

  1. – Irakasleek ebaluatzeko bilerak egingo dituzte. Tutoreak antolatuko ditu eta bera izango da bileretako buru. Izan ere, bileretan, modulu bakoitzeko irakasleak ematen duen informazioa egiaztatuko dute eta elkargo moduan jokatuta baloratuko dute ikasleen aurrerapena, hau da, prestakuntza-zikloko helburu orokorrak eta ziklo bakoitzaren moduluetako helburuak lortu diren.

  2. – Lanbide-heziketako irakaspenak ebaluatzeko prozesuaren dokumentuak ondokoak dira: ikaslearen ikasketa-espedientea, ebaluazio-aktak eta banakoen ebaluazio-txostenak. Aipatutako ebaluazio-txostenak eta ziurtagiri akademikoak funtsezkoak dira ikaslearen mugikortasuna bermatze aldera.

  3. – Ziurtagiri akademikoak inprimaki ofizial normalizatuak dira, baina interesatuak eskatzen duenean baino ez dira emango. Ziurtagiri hauetan ikaslearen kalifikazioak jasoko dira (positiboak eta negatiboak), baita deialdi zehatza (arrunta edo apartekoa) eta ikasturtea ere, ziurtagiria egin arteko epea kontuan hartuta. Bost puntuko edo hortik gorako kalifikazioak positiboak dira.

  4. – Prestakuntza-ziklo bakoitzeko irakaspen guztiak gainditzen ez dituzten ikasleek soilik jasoko dute gainditutako lanbide-moduluen ikasketa-ziurtagiria; ziurtagiri honek, ikasketa-ondorioez gainera, eskuratu dituen gaitasun profesionalak pilatzeko egiaztatze partzialaren ondorioak ere izango ditu Kualifikazioen eta Lanbide-heziketaren Sistema Nazionalari dagokionez.

  5. – Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak arautuko du hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa ebaluatzeko prozesua. Besteak beste, ondokoak zehaztuko ditu:

    1. Ebaluazio prozesuaren ondoriozko dokumentazio ofizialaren forma eta zaintza.

    2. Ebaluatzeko bilera kopurua eta horien izaera nahiz helburuak.

    3. Oinarrizko arauak ezartzen dituen lau deialdiak agortu dituzten pertsonek aparteko deialdiak izateko baldintzak, salbuespenez; baldin eta deialdiak agortu bazaizkie amatasunagatik, besteren laguntza behar duten pertsonei arreta emateagatik, gaixorik egoteagatik, ezindua izateagatik, edo ikasketak ohiko eran egitea galarazten duten beste arrazoi batzuengatik.

  1. – Lanbide-moduluaren kalifikazioa batetik hamarrera bitartekoa izango da, eta ez du hamartarrik izango. Bost puntuko edo hortik gorako kalifikazioak positiboak dira. Lantokiko Bertako Prestaketa modulu profesionalari gai edo ez-gai kalifikazioa emango zaio.

  2. – Prestakuntza-ziklo osoak bere kalifikazioa izango du, baldin eta horren lanbide-modulu guztiak gainditu badira; kalifikazio hori, lanbide-moduluetan lortutako kalifikazioen batez besteko nota izango da eta bi hamartar izango ditu.

  1. – Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean sartzen den gaitasun-unitatea egiaztatzen dutenei, titulu bakoitzari buruzko arauan ezarritakoaren arabera baliozkotuko zaizkie lanbide-moduluak. Badira zenbait bide gaitasun-unitateak egiaztatzeko: lanbide-heziketako beste edozein titulu aurkeztuta, profesionaltasun ziurtagiria aurkeztuta edo ezartzen den prozeduraren ondoriozko egiaztatze partzialaren bidez.

  2. – Lantokiko Bertako Prestaketa modulu profesionala osorik edo zati batean salbuetsi egingo da lan-esperientziaren bidez, baldin eta esperientzia hori frogatzen bada. Alabaina, esperientzia urtebetean egindako lanaldi osoaren baliokidea izan behar da eta egin nahi diren ikasketei lotuta egon beharko dira.

    Aurreko paragrafoan aipatzen den lan-esperientzia frogatzeko, esperientzia hori hartu den enpresaren ziurtagiria aurkeztu beharko da; ziurtagirian berariaz jasoko da kontratuaren iraupena, garatutako jarduera eta jarduera egiteko behar izan den denboraldia. Beren kontura lan egiten ibili diren pertsonek, aitzitik, zergapekoen zentsuko altaren (gutxienez urtebetekoa) ziurtagiria aurkeztu beharko dute, baita jarduera adierazgarrienen gaineko interesatuaren aitorpena ere.

  3. – Egindako ikasketak baliozkotzeko eta lan egiteagatiko eta prestakuntza-zikloen lanbide-moduluekin bat etortzeagatiko salbuespenetarako eskabideak egiteko, ikasleak lehenbizi matrikulatu egin behar dira, irakaspen horiek emateko baimena duen Hezkuntza-zentro batean jarraitzeko ikasketa horiekin.

  4. – Baliozkotzeak eta lantokietako prestakuntzaren lanbide-moduluaren salbuespenak ikaslearen ikasketa-espedientea duen Hezkuntza-zentroko zuzendariak onartu beharko ditu, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuak ezarritakoarekin bat etorriz. Eskabidearekin batera, egindako ikasketen ziurtagiri ofiziala aurkeztu behar da edo, hala dagokionean, profesionaltasun ziurtagiria edo artikulu honetako 1. idatz-zatian aipatzen diren pilatzeko egiaztatze partzialak.

  5. – Lanbide-moduluren bat baliozkotu behar denean edo ikaslea modulua egitetik salbuetsita dagoenean, gertaera hori ikaslearen ikasketa-espedientean, ebaluazio-aktetan eta ikasketa-ziurtagirian erregistratuko da jarraian azaltzen den bezala:

    1. Baliozkotuta, baliozkotu beharra izan duten lanbide-moduluetan.

    2. Salbuetsita, Lantokiko Bertako Prestaketa modulu profesionala salbuetsi den kasuetan.

  6. – Baliozkotu diren edo salbuetsita dauden lanbide-moduluak ezin dira kontuan hartu prestakuntza-zikloaren azken kalifikazioa kalkulatzeko.

  1. – Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak urtean behin ezarriko du itundutako zentro publiko eta pribatuetan lanbide-heziketa ikasteko onarpen prozesua; hori gorabehera, ezarri beharreko arautegiak xedatzen duenaren arabera.

  2. – Besteak beste, honakoak ezarriko ditu: onarpenerako datak, zentro batek eskaintzen dituen plazak baino eskari handiagoa dagoenean kontuan hartu beharreko irizpideak, lanbide-heziketako ikasketak egiteko proba egiten dutenentzako gorde behar den plaza kopurua (ehunekoa), eta ikasle ezinduentzako gorde behar den plaza kopurua (ehunekoa). Azken ehuneko hori zentroak eskaintzen dituen plazen % 5ekoa izango da gutxienez.

  1. – Erdi eta goi mailako prestakuntza-zikloetako matrikula ikasketa horien eskaintzaren araberakoa izango da.

  2. – Eskaintza osoa denean, hala ere, prestakuntza-zikloko ikasturte bakoitzean egingo da matrikula. Eskaintza partziala denean, aldiz, matrikula lanbide-moduluka egingo da.

  3. – Ikaslearen mugikortasunerako eskubidea bermatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko prestakuntza-zikloen ikasketen antolamenduak xedatzen du beste autonomia-erkidego batzuetako lanbide-moduluren bat gainditu duten ikasleak presentziazko erregimenean edo urrutiko erregimenean matrikulatu ahal izango direla, baldin eta ezarritako deialdi kopurua agortu ez bazaio. Kasu horretan, ikasleak, gainditu gabe dituen lanbide-moduluetan matrikula partziala egin ahal izango du.

  4. – Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak urtean behin ezarriko ditu matrikularen datak, matrikulatzeko prozesuari buruzko inguruabarrak, deialdiari uko egiteko baldintzak eta lanbide-modulu guztietarako edo batzuetarako matrikula. Deialdiari uko egiten zaionean, ebaluazioko agirietan uko egite moduan jasoko da.

  1. – Ebaluatzeko azken bilera egin ostean ikasleari gainditu gabeko moduluren bat geratzen bazaio, behin bakarrik errepikatu ahal izango ditu presentziazko erregimenean lanbide-modulu bererako programatu diren jarduerak.

  2. – Ikaslea gehienez lau aldiz aurkeztu ahal izango da lanbide-modulu beraren azken ebaluaziora eta kalifikaziora; alabaina Lantokiko Bertako Prestaketa modulu profesionalaren kasuan bi aldiz bakarrik aurkeztu ahal izango da.

  3. – Dekretu honetako 21.2. artikuluan ezarri den eskolatze-aldi malguagoa aplikatzen zaien ikasleen kasuan, aipatutako egokitzapenaren diseinuan artikulu honetan jasotzen ez diren sustapen-irizpideak ezarri ahal izango dira.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren informazio eta orientazio profesionalak honako helburuak ditu:

  1. – Ikasketa horien eskaintzen, ezarritako ikasketa-baldintzen eta sartzeko aukeren berri ematea eta zabaltzea, informazioa eskatzen duten pertsonen inguruabarrak, beharrizanak eta interesak kontuan hartuta.

  2. – Ikasteko aukerei buruzko informazioa eta orientazioa ematea, bai eta lehenengoz laneratzen edo berriz laneratzen laguntzeko, enplegua hobetzeko eta lan-merkatuan lana aldatzeko prestakuntza-bideei buruzkoak ere.

  3. – Titulu akademikoei buruzko informazioa ematea eta lan munduan eskatzen diren gaitasun eta prestakuntzak lortu, ebaluatu eta egiaztatzeari buruzko orientazioa ematea.

  4. – Ikaslea orientatzea, hobeto egokitzen zaizkion prestakuntza-zikloen berri emanez; horrela, aukeratzen duenari esker lanbide-moduluetako helburuak gainditu ahal izango ditu eta prestakuntza-ziklo osoa amaitu ahal izango du, inoren osotasun fisikoa arriskuan jarri gabe, ez bere ez besteena.

  1. – Hasierako, Lanerako eta Etengabeko Lanbide-heziketan informazioa eta orientazioa emateko zerbitzuak eta baliabideak are eraginkorragoak izan daitezen, gai honetan eskumena duten sailek lankidetza protokoloak ezarriko dituzte emango diren zerbitzuak zehazteko eta beren zein beste erakunde publiko eta pribatu batzuen eta, batez ere, gizarte eragileen zereginak zehazteko.

  2. – Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuak, bere eskumenen esparruan, informazioa emango die hezkuntza-sistemako ikasleei, horien familiei eta orokorrean gizarte osoari. Halaber, laguntza eta errefortzu moduan beharrezkoak diren neurriak eta bitartekoak ezarriko dira beharrezko informazioa, orientazioa eta aholkuak emateko gizartean baztertuta geratzeko arriskua duten taldeei, hezkuntza-sistema behar baino goizago uzten duten pertsonei, lanbide-prestakuntza eskasa dutenei, langabetuei, etorkinei edo ezinduei.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak arautuko du denbora luzean lanik gabe dauden pertsonei, ezinduei, eskolan porrot egin dutenei eta, oro har, gizartean baztertuta geratzeko arriskua duten pertsonei Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako Moduluen Katalogoak eskaintzen dizkien prestakuntza-moduluen aukera.

Eskaintza horietan, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako moduluez gain, talde berezi horien premia zehatzetara egokitzeko aproposak diren moduluak ere sartuko dira.

Eskaintza horren barruko moduluen bidez lortzen diren gaitasun profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko, Kualifikazioei eta lanbide-heziketari buruzko, ekainaren 19ko, 5/2002 Legeko 8.3 eta 8.4. artikuluetan xedatutakoaren arabera ezartzen den prozedura beteko da.

Aurreko paragrafoan aipatutako artikuluei lotuta ezarriko den prozeduraren kasuan, lan-esperientzia eta beste ikasketa ez-formal batzuk ere aurkeztu ahal izango dira ebaluatu eta egiaztatzeko. Lortzen diren egiaztagirien bidez, eskuratu nahi den tituluaren gaitasun-unitateei lotutako lanbide-moduluak baliozkotu ahal izango dira.

Behin-behinean, hau da, harik eta lan-esperientziaren edo prestakuntzako bide ez-formalen bidez lortutako gaitasun profesionalak kreditatzeko prozedura ezarriko duen araua argitaratu arte, indarrean jarraituko du Lanbide Heziketa Berezituko Teknikari eta Goi Mailako Teknikari tituluak ateratzeko probak arautzen dituen 70/2004, apirilaren 27ko Dekretuaren 7. artikuluan jasotzen den ebaluatzeko eta aitortzeko ahalmenak.

Indargabetuta geratzen da azaroaren 22ko 447/1994 Dekretua, lanbide-heziketako irakaskuntzen antolamendu orokorra eta bere tituluei buruzko artezpideak ezartzeko dena.

Indargabetuta geratzen da, Lanbide Heziketari dagokionean, apirilaren 29ko 97/1997 Dekretua, batxilergoko eta lanbide-heziketako irakaskuntzaren ezarpena eta dagozkien tituluei buruzko jarraibideak arautzen dituena.

Indargabetuta geratzen da apirilaren 27ko 70/2004 Dekretua, lanbide-heziketako teknikari eta goi mailako teknikari tituluak ateratzeko probak arautzen dituena, bere 7.artikulua salbu.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko otsailaren 26an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (93)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.