Arautegia

Inprimatu

428/2009 DEKRETUA, ekainaren 30ekoa, metal-eraikuntzetako goi mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 157
  • Hurrenkera-zk.: 4623
  • Xedapen-zk.: 428
  • Xedapen-data: 2009/06/30
  • Argitaratze-data: 2009/08/18

Testu legala

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1 artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30 eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6 artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, lanbide-heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 6. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako arteztarauak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan. Bestalde, errege-dekretu horren 7. artikuluak zehazten du titulu horien lanbide-profila, eta horren barnean hartuko dira konpetentzia orokorra, konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak, eta, hala badagokio, tituluei dagozkien Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak.

Otsailaren 8ko 174/2008 Errege Dekretuak metal-eraikuntzetako goi mailako teknikariaren titulua ezartzen du eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen ditu. Azken arau horrek, hain zuzen ere, ordezkatzen du uztailaren 22ko 1656/1994 Errege Dekretuak ezarritako izen bereko tituluaren erregulazioa.

Bestetik, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1538/2006 Errege Dekretuaren 17. artikuluak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, errege-dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 140.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke».

Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak hezkuntza-sistemaren barruan Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.

Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua da metal-eraikuntzetako goi mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegorako, metal-eraikuntzetako goi mailako teknikariaren titulua ezartzen duen eta tituluaren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen otsailaren 8ko 174/2008 Errege Dekretuaren babesean.

Metal-eraikuntzetako goi mailako teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).

Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.

Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.

Dekretu hau bideratzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

Hori dela-eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak proposatuta, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostenarekin eta gainerako aginduzko txostenekin, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, irailaren 12ko 167/2006 Dekretuak onartutako antolamendu eta funtzionamendu erregelamenduaren 33. artikuluak zehazten duenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko ekainaren 30ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honek metal-eraikuntzetako goi mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako.

  2. Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa Proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.

  3. Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta (oso garrantzitsua) irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.

Metal-eraikuntzetako goi mailako teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:

Izena: Metal-eraikuntzak.

Maila: Goi mailako Lanbide Heziketa.

Iraupena: 2.000 ordu.

Lanbide-arloa: Fabrikazio mekanikoa.

Kodea: INSN-5b (Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

Tituluari dagokion lanbide-profila, konpetentzia orokorraren, konpetentzia profesionalen, pertsonalen eta sozialen, lanbide-kualifikazioen eta konpetentzia-atalen bidez adierazten da.

  1. Titulu honen konpetentzia orokorra da galdaragintzako produktuak, metal-egiturak eta industria-tutueriako instalazioak diseinatzea, eta produkzioa planifikatu, programatu eta kontrolatzea, fabrikatu beharreko produktuen prozesuari buruzko dokumentaziotik eta zehaztapenetatik abiatuta, eta kudeaketaren eta produktuaren kalitatea ziurtatuta; eta laneko arriskuen prebentziorako eta ingurumen-babeserako sistemak gainbegiratzea.

  2. Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.

    Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:

    1. Metal-eraikuntzetako produktuak diseinatzea, eta horien dimentsioak eta proba-planak ezartzeko beharrezko kalkuluak egitea.

    2. Diseinatutako produktuak fabrikatu eta mantentzeko beharrezko dokumentazio teknikoa prestatu, antolatu eta egunean edukitzea.

    3. Metal-eraikuntzak fabrikatu, muntatu eta mantentzeko eragiketak zehaztea, multzoko eta fabrikazioko planoetan, eta jarraibide orokorretan bildutako informazio teknikotik abiatuta.

    4. Metal-eraikuntzetan erabiltzen diren zenbakizko kontroleko makinen, roboten eta manipulagailuen programazioa eta doikuntza ezarritako eskakizunetara egokitzen direla gainbegiratzea.

    5. Produkzioa programatzea, kudeaketa informatizatuko teknikak eta erremintak erabilita eta kudeaketa kontrolatuta, ezarritako helburuak lortzeko.

    6. Une egokian hornidura bermatzeko beharrezko hornikuntza zehaztea, eta hornikuntzan sortzen diren gatazkak ebaztea.

    7. Fabrikazio-prozesuak ezarritako prozeduren arabera garatzen direla ziurtatzea.

    8. Bere taldeko kideen talde-lana antolatu eta koordinatzea, produkzio-prozesuen eskakizunak kontuan izanda, haiengan motibazioa eta eragin positiboa sortuz.

    9. Bere arloko baliabideen mantentze-lana kudeatzea, zeregin hori planifikatuz, programatuz eta betetzen dela egiaztatuz, lan-kargen eta mantentze-beharren arabera.

    10. Kudeaketa-ereduak, eta kalitateko, laneko arriskuen prebentzioko eta ingurumen-babeseko sistemak mantentzea, arauak, prozesuak eta jarraibideak betetzen direla gainbegiratuz eta ikuskatuz, eta dokumentu-erregistroa kudeatuz.

    11. Taldekideengan berrikuntza, hobekuntza eta aldaketa funtzional edo teknologikoetarako egokitzapena sustatzea, lehiakortasuna areagotzeko.

    12. Bere taldearen konpetentzia teknikoak, pertsonalak eta sozialak antzematea, eta ikasteko ekintzak planifikatzea horiek dauden beharretara egokitzeko.

    1. Enpresa txiki bat sortzea eta kudeatzea, eta produktuen bideragarritasuna, produkzioaren plangintza eta merkaturatzea aztertzea.

    2. Bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean parte-hartze aktiboa izatea, jarrera kritiko eta arduratsuarekin.

    3. Bere jarduerarekin lotutako gorabeherak ebaztea, horien sorburuak identifikatuta eta erabakiak arduraz hartuta.

    4. Produkzio-prozesuetako aldaketa teknologikoek eta antolamendukoek sorrarazitako lanpostuetara eta lan-egoera berrietara egokitzea.

    5. Bere eskubideez baliatzea eta lan-harremanen ondoriozko betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.

    6. Lanbide-karrera kudeatzea, enplegurako, autoenplegurako eta ikaskuntzarako aukerak aztertuz.

  3. Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda.

    Lanbide-kualifikazio osoak (1699/2007 Errege Dekretua, abenduaren 14koa, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala osatzen duena, eta «Fabrikazio mekanikoa» lanbide-arloko zortzi lanbide-kualifikazio ezartzen dituena). Honako konpetentzia-atalak hartzen ditu barnean:

    1. FME354_3. Galdaragintza eta metal-egituren diseinua:

      UC1145_3: galdaragintzako produktuak diseinatzea.

      UC1146_3: metal-egituretako produktuak diseinatzea.

      UC1147_3: galdaragintzan eta metal-egituretan kalkuluak eta proba-planak egitea.

      UC1148_3: metal-eraikuntzetako produktuen dokumentazio teknikoa prestatzea.

    2. FME357_3. Metal-eraikuntzetako produkzioa:

      UC1151_3: metal-eraikuntzen trazadura-, mekanizazio- eta konformazio-prozesuak zehaztea.

      UC1152_3: metal-eraikuntzen lotura- eta muntaia-prozesuak definitzea.

      UC1153_3: metal-eraikuntzen sistema automatizatuak programatzea.

      UC0592_3: fabrikazio mekanikoko produkzioa gainbegiratzea.

    3. FME356_3. Produkzioaren kudeaketa fabrikazio mekanikoan:

      UC1267_3: fabrikazio mekanikoko produkzioa programatu eta kontrolatzea.

      UC1268_3: fabrikazio mekanikoko produkzio-prozesuak hornitzea.

      Osatu gabeko lanbide-kualifikazioak. Honako konpetentzia-atalak hartzen ditu barnean:

      FME355_3: industria-tutueriaren diseinua. Honako konpetentzia-atalak hartzen ditu barnean:

      UC1149_3: industria-tutueriaren eskemak diseinatzea.

      UC1148_3: metal-eraikuntzetako produktuen dokumentazio teknikoa prestatzea.

  1. Lanbide-irudi honek jarduera hauetan diharduten industrietan egiten du lan: andel handien, galdara astunen eta industria-tutueriaren fabrikazioa; mekanika-lantegiak; karrozerien, atoien eta iraulkien eraikuntza; ontzigintza eta ontzien konponketa; instalazio petrokimikoak; eta metal-eraikuntzen muntaia eta konponketa. Jarduera horiek metal-eraikuntzen produkzioaren esparruan garatzen ditu, industria-sektorearen barruan.

  2. Lanbide eta lanpostu garrantzitsuenak hauek dira:

    Eraikuntza mekanikoko teknikaria.

    Metal-eraikuntzetako fabrikazioaren arduraduna.

    Metal-eraikuntzetako muntatzaileen arduraduna.

    Galdaragintzako eta metal-egituretako delineatzaile proiektugilea.

    Galdaragintzako eta metal-egituretako ordenagailuz lagundutako diseinuko (CAD) teknikaria.

    Galdaragintzako eta egituretako diseinatzaile teknikoa.

    Fabrikazio mekanikoko sistema automatizatuen programatzailea.

    Fabrikazio mekanikoko produkzioaren programatzailea.

    Tutuak garatzeko teknikaria.

    Metal-eraikuntzetako eta muntaiako lantegiburua.

Heziketa-zikloaren irakaskuntzetan honako alderdi hauek sartzen dira:

  1. Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:

    1. Metal-eraikuntzako produktuaren egitura aztertu ondoren, fabrikazioari buruzko zehaztapenak finkatzea, hura garatzearren.

    2. Xehetasunezko eta multzoko planoetan jasotako informazioa interpretatzea, haien edukia aztertuta, mekanizazio-prozesua zehaztearren.

    3. Mekanizazio-faseak eta -eragiketak gauzatzeko behar operatiboak aztertzea, eta horiek produktuaren ezaugarriekin lotzea, prozesua garatzeko beharrezko baliabideak oinplanoan banatzearren.

    4. Muntaia-faseak eta -eragiketak gauzatzeko behar operatiboak aztertzea, eta horiek produktuaren ezaugarriekin lotzea, prozesua garatzeko beharrezko baliabideak oinplanoan banatzearren.

    5. Programen instrukzio-zerrenda interpretatzea, haren ezaugarriak prozesuaren eskakizunekin lotuta, zenbakizko kontroleko makinen, roboten eta manipulagailuen programazioa eta doikuntza gainbegiratzearren.

    6. Kudeaketako erreminta eta programa informatikoak ezagutu eta aplikatzea, eta produkzioa programatzeko duten eraginkortasuna justifikatzea.

    7. Kudeaketa-teknikak ezagutu eta aplikatzea, eta prozesuen garapena aztertzea, lanpostuen hornidura zehaztearren.

    8. Prozesuak garatzean sor daitezkeen kontingentziak identifikatu eta baloratzea, horien sorburuak aztertzea eta sorrarazten dituzten arazoak ebazteko erabakiak hartzea.

    9. Produkzio-baliabideak mantentzeko planak interpretatzea eta kudeaketa-tekniken aplikazioarekin lotzea, haien garapena eta aplikazioa gainbegiratzearren.

    10. Kalitate-sistemak, laneko arriskuen prebentziokoak eta ingurumen-babesekoak aztertzea, eta kalitate-sistemak, laneko arriskuen prebentziokoak eta ingurumen-babesekoak kudeatzeko ereduei eusteko beharrezkoak diren ekintzak identifikatzea.

    11. Lehiakortasuna areagotzearren, produkzio-prozesuak hobetu eta berrituta, lan-taldea aldaketetara egokitzeko gaitasuna baloratzea.

    12. Talde-laneko jardunen litezkeen konbinazioak zehaztea, horiek produktibitatean duten eragina erantzukizunez baloratuta, produkzio-helburuak betetzearren.

    1. Konpetentzia berriak identifikatzea (aldaketa teknologikoak eta antolamendukoak aztertuta), konpetentzia horiek lortzeko beharrezko jardunak defendatzea eta hainbat lanpostutara egokitzea.

    2. Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua aztertu ondoren, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.

    3. Negozio-aukerak antzematea, eta merkatuko eskaerak identifikatu eta aztertzea, enpresa txiki bat sortu eta kudeatzeko.

    4. Ikasi eta enplegatzeko aukerak identifikatu eta baloratzea, lan-merkatuko eskaintzak eta eskaerak aztertuta, lan-ibilbidea kudeatzeko.

    5. Produkzio-prozesu batean lan-jarduerak baloratzea eta produkzio-helburuak lortzeko horiek prozesu orokorrean egiten duten ekarpena identifikatzea.

  2. Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:

    1. Fabrikazio mekanikoko irudikapen grafikoa.

    2. Metal-eraikuntzen diseinua.

    3. Metal-eraikuntzen prozesuen definizioa.

    4. Fabrikazio mekanikoko sistema automatikoen programazioa.

    5. Produkzioaren programazioa.

    6. Metal-eraikuntzen mekanizazio-, ebaketa- eta konformazio-prozesuak.

    7. Metal-eraikuntzen lotura- eta muntaia-prozesuak.

    8. Kalitatearen kudeaketa, laneko arriskuen prebentzioa eta ingurumen-babesa.

    9. Metal-eraikuntzen proiektua.

    10. Ingeles teknikoa.

    11. Laneko prestakuntza eta orientabidea.

    12. Enpresa eta ekimen sortzailea.

    1. Lantokiko prestakuntza.

      1. eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.

        Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.

  3. Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezartzen da hori guztia.

  4. Lantokiko prestakuntzaren moduluari dagokionez, bigarren kurtsoaren azken 13 asteetan emango da. Modulu hori egin ahal izateko, ikastetxean egindako lanbide-modulu guztietan ebaluazio positiboa lortu behar da.

  5. Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean Ingeles teknikoa modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.

  1. Heziketa-zikloko modulu bakoitzerako irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena IV. eranskinaren 1. atalean ezartzen dira.

  2. Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezartzen dira. Irakasleen espezialitateetarako 1. atalean adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. atalean jasotzen dira.

  3. Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barne hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta beste edozein eskakizun IV. eranskinaren 3. atalean zehazten dira.

Heziketa-ziklo honetan sartzeko lehentasuna izango dute Zientzia eta Teknologiako Batxilergoko modalitatea egin duten ikasleek.

Metal-eraikuntzetako goi mailako teknikariaren titulua edukitzeak:

  1. Goi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko aukera ematen du, betiere ezartzen diren sarbide-baldintzetan.

  2. Graduko unibertsitate-tituluetara bideratzen duten irakaskuntzetara zuzenean sartzeko aukera ematen du, betiere ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

  3. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztuko du metal-eraikuntzetako goi mailako teknikariaren titulua dutenen eta horiekin lotzen diren graduko unibertsitate-titulua dutenen arteko baliozkotze-erregimena. Baliozkotzeko erregimena errazteko, 120 ECTS kreditu esleitu dira dekretu honetan ezarritako irakaskuntzetan, heziketa-ziklo honetako lanbide-moduluen artean.

  1. Zenbait heziketa-ziklok komunak dituzten lanbide-moduluak baliozkotu egingo dira, baldin eta izen berekoak, eduki berekoak, ikaskuntzaren emaitza gisa adierazitako helburu berekoak, ebaluazio-irizpide berekoak eta antzeko iraupenekoak badira. Nolanahi ere, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua edo Enpresa eta ekimen sortzailea modulua gaindituta dituenak modulu horiek baliozkotuta izango ditu lege horren babespeko beste edozein ziklotan.

  2. Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.

  3. Otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lantokiko prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.

  4. «Laneko prestakuntza eta orientabidea» modulua baliozkotu ahal izateko, abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 45.3 artikuluan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, gutxienez urtebeteko lan-esperientzia egiaztatu eta laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako teknikariaren ziurtagiria izan beharko da. Ziurtagiriak prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera luzatua izan behar du.

  5. Enpresa eta ekimen sortzailea modulua baliozkotu ahal izateko, abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 45.3 artikuluan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko da.

  6. Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-atal guztiak Aintzatespen eta Ebaluazio Sistemaren bidez egiaztatu dituztenek Ingeles teknikoko modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta proiektuko lanbide-modulua gainditzen badute. Edonola ere, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko dute, abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 45.3 artikuluan xedatutakoaren indarrez.

  7. Ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztatzen diren konpetentzia-atalen eta moduluen arteko egokitasuna (horiek baliozkotzeko), eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna (horiek egiaztatzeko) VI. eranskinean jasotzen dira.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola, moduluen iraupena eta sekuentziazioa) arautuko ditu, hala badagokio.

  1. Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Hezkuntzari eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorreko teknikari espezialistaren tituluek otsailaren 8ko 174/2008 Errege Dekretuan ezarritako metal-eraikuntzetako goi mailako teknikariaren tituluaren ondorio profesional eta akademiko berberak izango dituzte. Hona aipatutako tituluak:

    Egitura-txapako galdaragintzako teknikari espezialista. «Metala» adarra.

    Metal-eraikuntzetako teknikari espezialista soldatzailea, «Metala» adarra.

    Ontzigintzako teknikari espezialista, «Metala» adarra.

    Soldadurako teknikari espezialista, «Metala» adarra.

    Itsasontzi-marratzaile teknikari espezialista, «Metala» adarra.

    Soldadura-fabrikazioko teknikari espezialista, «Metala» adarra.

  2. Uztailaren 22ko 1656/1994 Errege Dekretuak ezarritako metal-eraikuntzetako goi mailako teknikariaren tituluak otsailaren 8ko 174/2008 Errege Dekretuan ezarritako metal-eraikuntzetako goi mailako teknikariaren tituluaren ondorio profesional eta akademiko berberak izango ditu.

  3. Errege-dekretu honetan Laneko prestakuntza eta orientabidea lanbide-modulurako ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-erantzukizunez arduratzeko. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.

Indargabetuta geratu dira dekretu honen aurka egiten duten lerrun bereko edo txikiagoko arauak.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko ekainaren 30ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.