Arautegia

Inprimatu

246/2011 DEKRETUA, azaroaren 29koa, Sukalde-zuzendaritzako goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 8
  • Hurrenkera-zk.: 173
  • Xedapen-zk.: 246
  • Xedapen-data: 2011/11/29
  • Argitaratze-data: 2012/01/12

Testu legala

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1 artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30 eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6 artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, lanbide-heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.

Ekonomia iraunkorraren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak eta Ekonomia iraunkorraren Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak Lanbide-heziketaren eta kualifikazioen 5/2002 Lege Organikoa eta Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoa aldatzen dituenak, hainbat lege-aldaketa adierazgarri eragin dituzte bestelako ekonomia baten garapena sustatzeko eta bizkortzeko, hau da, ekonomia lehiakorragoa eta berritzaileagoa, produkzio-sektore tradizionalak berritzeko gauza izango dena eta kalitateko enplegu egonkorra eskatzen duten beste jarduera batzuetarantz bidea egiteko gauza izango dena sustatzeko eta bizkortzeko:

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako arteztarauak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan. 7. artikuluak titulu horien lanbide-profila zehazten du. Lanbide-profil horretan sartuko dira konpetentzia orokorra, lanbide-konpetentzia, konpetentzia pertsonalak eta sozialak eta, hala badagokio, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak. Horrenbestez, titulu bakoitzak lanbide-kualifikazio oso bat, gutxienez, hartuko du barnean, betiere lanbide-heziketako tituluek produkzio-sistemaren beharrei eta hiritartasun demokratikoa egikaritzeko aukera emango duten balio pertsonal eta sozialei eraginkortasunez erantzuteko.

687/2010 Errege Dekretuak, maiatzaren 20koak, Sukalde-zuzendaritzako goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen du eta haren gutxieneko irakaskuntzak ezartzen ditu. Dekretu horrek ordezkatu egin du 2218/1993 Errege Dekretuak, abenduaren 17koak, ezartzen zuen jatetxe-arloko goi-mailako teknikariaren tituluaren erregulazioa.

Bestetik, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluaren 2. atalak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, Errege Dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 140.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke».

Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak, hezkuntza-sistemaren barruan, Lanbide Heziketaren antolamendua eta araudia ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.

Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua da Sukalde-zuzendaritzako goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegorako, Sukalde-zuzendaritzako goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen duen eta tituluaren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen maiatzaren 20ko 687/2010 Errege Dekretuaren babesean.

Sukalde-zuzendaritzako goi-mailako teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).

Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.

Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.

Honako dekretu hau bideratzean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

Hori dela-eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostenarekin eta gainerako aginduzko txostenekin, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, eta Gobernu Kontseiluak 2011ko azaroaren 29an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honek Sukalde-zuzendaritzako goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako.

  2. Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa Proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.

  3. Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.

Sukalde-zuzendaritzako goi-mailako teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:

Izena: Sukalde-zuzendaritza.

Maila: Goi-mailako Lanbide Heziketa.

Iraupena: 2.000 ordu.

Lanbide-arloa: Ostalaritza eta turismoa.

Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko erreferentea: CINE-5b.

Goi-mailako hezkuntzako kualifikazioen Espainiako esparruan duen maila: 1. maila, goi-mailako teknikaria.

Tituluari dagokion lanbide-profila, konpetentzia orokorraren, konpetentzia profesionalen, pertsonalen eta sozialen, lanbide-kualifikazioen eta konpetentzia-atalen bidez adierazten da.

  1. Titulu honen konpetentzia orokorra da sukaldeko produkzioa eta zerbitzua zuzentzea eta antolatzea eta, horretarako, eskaintzak eta bitartekoak zehaztea, hornikuntzako, produkzioko eta zerbitzuko berezko jarduerak kontrolatzea, helburu ekonomikoak betetzea, ezarritako kalitate-protokoloak jarraitzea eta higieneko, laneko arriskuen prebentzioko eta ingurumena babesteko arauen arabera jardutea.

  2. Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.

    Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:

    1. Enpresak eskaintzen dituen produktuak definitzea, proiektu estrategikoaren parametroak kontuan izanik.

    2. Produkzio-prozesuak diseinatzea eta antolamendu-egitura eta beharrezko baliabideak zehaztea, enpresaren ezaugarriak kontuan izanik.

    3. Sukaldaritza-produktuen eskaintza zehaztea eta aldagai guztiak kontuan hartzea, prezioak finkatzeko eta prozesuak estandarizatzeko.

    4. Jarduerak programatzea eta baliabideak antolatzea, produkzio-beharren arabera.

    5. Lehengaiak baldintza egokietan hornitzea, biltegiratzea eta banatzea, lotzen den dokumentazioa eta kalitatea kontrolatuta.

    6. Espazioak, makineria, lanabesak eta erremintak prest jartzeko lanak kontrolatzea.

    7. Ondoren erabili ahal izateko, lehengaietan aplikatu behar diren aurrez elaboratzeko eta lehengoratzeko prozesuak egiaztatzea.

    8. Sukaldaritzako elaborazioak egiteko prozesua antolatzea, prozesuen estandarizazioa kontuan hartuta, ondoren haiek dekoratzeko/amaitzeko edo kontserbatzeko.

    9. Elaborazioen dekorazioa/amaiera gainbegiratzea, beharren eta ezarritako protokoloen arabera, haiek kontserbatzeko edo zerbitzatzeko.

    10. Sukaldaritzako jeneroak edo elaborazioak ontziratzeko eta/edo kontserbatzeko prozesuak egiaztatzea, metodo egokiak aplikatuta eta tresneria aproposa erabilita, haien kalitatea gainbegiratzeko eta elikadura-arriskuak saihesteko.

    11. Sukaldaritzako zerbitzuen garapena kontrolatzea eta zerbitzugintza koordinatzea, betiere gauzatze-esparrua eta ezarritako protokoloak kontuan hartuta.

    12. Sukaldaritzako produkzio-unitateekin lotzen den administrazio-dokumentazioa betetzea, aurrekontu-kontrolak, txostenak edo ondoriozko edozein jarduera egiteko, betiere informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabilita.

    1. Bezeroen eskaerei, iradokizunei eta erreklamazioei erantzutea, bezeroen iguripenak betetzeko eta haien gogobetetasuna lortzeko.

    2. Lan-egoera berrietara egokitzea eta, horretarako, lanbide-inguruneari dagozkion ezagutza zientifikoak, teknikoak eta teknologikoak eguneratuta mantentzea, norberaren prestakuntza kudeatzea, bizitza osoan ikasteko dauden baliabideak kudeatzea, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzea.

    3. Egoerak, arazoak edo kontingentziak ekimenez eta autonomiaz ebaztea norberaren eskumenen esparruan, betiere sormenez, berrikuntzaz eta norberaren lanean eta taldeko kideen lanean hobetzeko izpirituaz.

    4. Lan-taldeak erantzukizunez antolatzea eta koordinatzea, lanaren garapena gainbegiratuta, harreman arinak edukita eta gidaritza bere gain hartuta, eta agertzen diren taldeko gatazkei konponbidea ematea.

    5. Parekoekin, goragokoekin, bezeroekin eta norberaren erantzukizunpeko pertsonekin komunikatzea eta haiei informazio eta ezagupen egokiak ematea, komunikazio-bide eraginkorrak erabilita, eta, horretarako, norberaren lan-esparruan esku hartzen duten pertsonen autonomia eta eskumena errespetatzea.

    6. Norberaren lanean eta taldeko lanean ingurune seguruak sortzea, eta, horretarako, laneko eta ingurumeneko arriskuen prebentzioko prozedurak gainbegiratzea eta aplikatzea, araudiak ezarritakoaren eta enpresaren helburuen arabera.

    7. Kalitate-kudeaketako, irisgarritasun unibertsaleko eta guztiontzako diseinuko prozedurak gainbegiratzea eta aplikatzea produkzio-prozesuetako edo zerbitzugintzako lanbide-jardueretan.

    8. Enpresa txiki bat sortzeko eta funtzionatzeko oinarrizko kudeaketa egitea eta norberaren lanbide-jardueran ekimenez jardutea, betiere gizarte-erantzukizuna kontuan izanik.

    9. Nork bere eskubideak baliatzea eta lanbide-jardueraren ondoriozko betebeharrak betetzea, indarrean dagoen araudiak ezarritakoaren arabera, eta, horretarako, bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean parte-hartze aktiboa izatea.

  3. Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda:

    Osatutako lanbide-kualifikazioak:

    1. HOT332_3, Sukaldeko zuzendaritza eta produkzioa (abenduaren 14ko 1700/2007 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barnean hartzen ditu:

      UC1058_3: elikagaiak manipulatzeko, kontserbatzeko eta lehengoratzeko orotariko teknikak aplikatzea eta gainbegiratzea.

      UC1059_3: sukaldaritzako elaborazioak oinarrizkoak, konplexuak eta aplikazio ugarikoak- prestatzeko eta aurkezteko prozesuak garatzea eta gainbegiratzea.

      UC1060_3: sukaldaritza sortzaileko eta egile-sukaldaritzako platerak prestatzeko eta aurkezteko prozesuak garatzea eta gainbegiratzea.

      UC1061_3: gozogintzako orotariko produktuak elaboratzeko eta aurkezteko prozesuak garatzea eta gainbegiratzea.

      UC1062_3: Elikagaiak dastatzea, horiek hautatzeko eta sukaldaritzan erabiltzeko.

      UC0711_2: ostalaritzan segurtasun eta higiene-arauak eta ingurumena babesteari buruzkoak betez jardutea.

      UC1063_3: eskaintza gastronomikoak diseinatzea.

      UC1064_3: jatetxe-arloko hornikuntza-prozesuak kudeatzea.

      UC1065_3: sukaldaritzako produkzio-prozesuak antolatzea.

      UC1066_3: sukaldaritzako produkzio-unitateak administratzea.

      Osatu gabeko lanbide-kualifikazioak:

    1. HOT331_3, Jatetxe-arloko zuzendaritza (abenduaren 14ko 1700/2007 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barnean hartzen ditu:

      UC1097_3: jatetxe-arloko produkzio-unitatea zuzentzea eta kudeatzea.

      UC1064_3: jatetxe-arloko hornikuntza-prozesuak kudeatzea.

      UC1099_3: jatetxe-arloko establezimendu baten kudeaketa ekonomikoa eta finantzarioa egitea.

      UC1100_3: jatetxe-arloan kalitatea, ingurumena eta segurtasuna kudeatzea.

      UC1101_3: jatetxe-arloko eskaintzak diseinatzea eta merkaturatzea.

      UC1051_2: jatetxe-arloko zerbitzuetan ingelesez komunikatzea, oinarrizko erabiltzaile independentearen mailan.

  1. Lanbide-irudi horrek ostalaritzaren sektoreko eta, zehazki, jatetxe-arloaren azpisektoreko enpresa handietan zein ertainetan edo txikietan egiten du lan, eta establezimendu txikietan, askotan, jabe gisa eta sukaldeko arduradun gisa biak batera jardun dezake. Profesional honek lanbide-jarduera izaera pribatuko establezimenduetan garatu ohi duen arren, establezimendu publikoetan ere gara dezake, batez ere hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte-zerbitzuen sektoreetan. Norberaren kontura ez dihardutenean, establezimenduaren zuzendaritzaren mende betetzen dituzte haien funtzioak, establezimendua hotel bat edo beste mota bateko ostatu bat izan edo jatetxe-arloko establezimendu bat izan.

  2. Lanbide eta lanpostu garrantzitsuenak hauek dira:

    Elikagaien eta edarien zuzendaria.

    Sukaldeko zuzendaria.

    Sukaldeko produkzio-burua.

    Sukalde-burua.

    Sukaldeko bigarren burua.

    Catering-eragiketetako burua.

    Partida-burua.

    Sukaldaria.

    Ekonomatuko eta upeltegiko arduraduna.

Heziketa-zikloko irakaskuntzetan honako alderdi hauek sartzen dira:

  1. Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:

    1. Enpresaren proiektu estrategikoa interpretatzea, eta proiektuaren osagaiak identifikatzea eta aztertzea, enpresak eskaintzen dituen produktuak definitzeko.

    2. Enpresak eskaintzen dituen produktuak identifikatzea eta horien ezaugarriak ezagutzea, produkzio-prozesuak diseinatzeko.

    3. Produkzio-prozesuak ezagutzea eta horien ezaugarriak eta faseak aztertzea, antolamendu-egitura eta beharrezko baliabideak zehazteko.

    4. Eskaintza gastronomikoaren osagaiak identifikatzea eta aldagaiak aztertzea eta ezaugarritzea, sukaldaritzako produktuen eskaintza zehazteko.

    5. Produkzio-beharrak identifikatzea eta zereginak ezaugarritzea eta sekuentziatzea, jarduerak programatzeko eta baliabideak antolatzeko.

    6. Lehengaiak ezagutzea eta horien propietateak eta kontserbatzeko baldintza egokiak ezaugarritzea, haiek hartzeko, biltegiratzeko eta banatzeko.

    7. Espazioak, makineria, lanabesak eta tresnak aztertzea eta horien ezaugarriak, aplikazioak eta funtzionamendu-printzipioak ezagutzea, langunearen doikuntza kontrolatzeko.

    8. Sukaldaritzako lehengaien aldez aurreko manipulazioen beharrak identifikatzea eta haien ezaugarriak eta izan ditzaketen aplikazioak aztertzea, aurrez elaboratzeko eta lehengoratzeko prozesuak gauzatzeko.

    9. Sukaldaritzako teknikak, faseak eta prozedurak ezagutzea eta horien ezaugarriak eta sekuentziazioa identifikatzea, sukaldaritzako elaborazioak antolatzeko.

    10. Apaindurako elementuak eta teknikak erabiltzea eta horiek amaierako produktuaren ezaugarriekin lotzea, elaborazioen dekorazioa/akabera gainbegiratzeko.

    11. Kontserbatzeko eta ontziratzeko metodoak eta tresneria hautatzea, eta beharrak eta sukaldaritzako jeneroen edo elaborazioen ezaugarriak lotzea, ontziratzeko eta kontserbatzeko prozesuak egiaztatzeko.

    12. Baliabideak antolatzea, eta beharrak aztertu eta gauzatze-esparruarekin lotzea, sukaldeko zerbitzuen garapena kontrolatzeko.

    1. Sukaldeko produkzioak sortutako datuak kontrolatzea eta horien izaera ezagutzea, prozesuarekin lotzen den administrazio-dokumentua betetzeko.

    2. Bezeroen balizko demanden aurrean jarduteko protokoloak aztertzea eta kasuak kasuko ezaugarriak identifikatzea, balizko eskaerei, iradokizunei edo erreklamazioei erantzun ahal izateko, hala badagokio ingelesa erabiliz.

    3. Sektoreko bilakaera zientifikoarekin, teknologikoarekin eta antolamendukoarekin lotzen diren ikaskuntza-baliabideak eta -aukerak aztertzea eta erabiltzea, baita informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ere, eguneratze-izpirituari eusteko eta laneko egoera berrietara eta egoera pertsonal berrietara egokitzeko.

    4. Sormena eta berrikuntza-espiritua garatzea, lanaren antolamenduan eta prozesuetan, eta norberaren bizitzan sortzen diren aupadei erantzuteko.

    5. Erabakiak arrazoituta hartzea eta, horretarako, inplikatutako aldagaiak aztertzea, hainbat esparrutako jakintzak integratzea eta arriskuak eta erabaki okerrak hartzeko aukera onartzea, askotariko egoerei, arazoei edo gorabeherei aurre egiteko eta horiek ebazteko.

    6. Talde-laneko testuinguruetan lidergo, motibazio, ikuskapen eta komunikazioko teknikak garatzea, lan-taldeen antolamendua eta koordinazioa errazteko.

    7. Komunikatzeko estrategiak eta teknikak aplikatzea, transmitituko diren edukietara, xedera eta hartzaileen ezaugarrietara egokituta, komunikazio-prozesuetan eraginkortasuna ziurtatzeko.

    8. Laneko arriskuen prebentzioko eta ingurumen-babeseko egoerak ebaluatzea, norberaren eta taldearen prebentziorako neurriak proposatuz eta aplikatuz, lan-prozesuetan aplikatzekoa den araudiaren arabera, betiere ingurune seguruak bermatzeko.

    9. Irisgarritasun unibertsalari eta guztiontzako diseinuari erantzuteko beharrezko lanbide-ekintzak identifikatzea eta proposatzea.

    10. Ikasteko prozesuan egindako lanetan eta jardueretan kalitate-parametroak identifikatu eta aplikatzea, ebaluazioaren eta kalitatearen kultura balioesteko, eta kalitate-kudeaketako prozedurak hobetzeko gai izateko.

    11. Ekintzailetzako, enpresako eta ekimen pertsonaleko kulturarekin lotzen diren prozedurak erabiltzea, enpresa txiki baten oinarrizko kudeaketa egiteko edo lan bat egiteko.

    12. Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua kontuan harturik, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.

  2. Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:

    1. Lehengaien hornikuntzaren kontrola.

    2. Sukaldeko aurreelaborazio- eta kontserbazio-prozesuak.

    3. Sukaldeko pastelgintzako eta gozogintzako elaborazioak.

    4. Sukaldaritza-elaborazioko prozesuak.

    5. Sukaldeko produkzioaren kudeaketa.

    6. Elikadurako kalitatearen eta segurtasunaren eta higienearen kudeaketa.

    7. Gastronomia eta nutrizioa.

    8. Jatetxe-arloko administrazio eta merkataritzako kudeaketa.

    9. Jatetxe-arloko giza baliabideak eta taldeen zuzendaritza.

    10. Ingelesa.

    11. Sukalde-zuzendaritzako proiektua.

    12. Laneko prestakuntza eta orientabidea.

    1. Enpresa eta ekimen sortzailea.

    2. Lantokiko prestakuntza.

      1. eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.

        Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.

  3. Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezartzen da hori guztia.

  4. Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken 13 asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da.

  5. Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean Ingeles teknikoa modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.

  1. Heziketa-zikloko lanbide-modulu bakoitzerako irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena IV. eranskinaren 1. atalean ezartzen dira.

  2. Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezartzen dira. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Irakasleen espezialitateetarako 1. atalean adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. atalean jasotzen dira.

  3. Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barne hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta eskakizunak Dekretu honen IV. eranskinaren 3. atalean ematen dira aditzera. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide-moduluen helburuak bete beharko dituzte. Helburu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide-arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da «ziurtagiri» bidez ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jarduerak garatzen hiru urteko esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak.

Heziketa-ziklo honetan sartzeko lehentasuna izango dute Zientzia eta Teknologiako Batxilergoko modalitatea egin duten ikasleek.

Sukalde-zuzendaritzako goi-mailako titulua edukitzeak:

  1. Goi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko, betiere ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

  2. Graduko unibertsitate-tituluetara bideratzen duten irakaskuntzetara zuzenean sartzeko, betiere ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

  3. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztuko du Sukalde-zuzendaritzako goi-mailako teknikariaren titulua dutenen eta horiekin lotzen diren graduko unibertsitate-titulua dutenen arteko baliozkotze-erregimena. Baliozkotzeko erregimena errazteko, 120 ECTS kreditu esleitu dira dekretu honetan ezarritako irakaskuntzetan, heziketa-zikloko lanbide-moduluen artean.

  1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua edo Enpresa eta ekimen sortzailea modulua gaindituta dituenak modulu horiek baliozkotuta izango ditu lege horren babespeko beste edozein ziklotan.

  2. Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lantokiko prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.

  4. Laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan ezarritako prozeduraren bitartez, titulu honetan barnean hartzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta:

    Urtebeteko lan-esperientzia, gutxienez, egiaztatzen badute.

    Jarduera prebentiboaren oinarrizko funtzioak betetzeko ezarritako prestakuntzaren egiaztagiria badute prebentzio-zerbitzuen erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako egiaztagiria izango da.

  5. Sukalde-zuzendaritzako goi-mailako teknikariaren tituluaren irakaskuntzako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek baliozkotzeko edo salbuesteko eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek egiaztatzeko VI.eranskinean jasotzen da.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola, moduluen iraupena eta sekuentziazioa) arautuko ditu, hala badagokio.

Lehenengoa. Titulazio baliokideak eta lanbide-trebakuntzekiko lotespena.

  1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Hezkuntzari eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorreko teknikari espezialistaren tituluek ondoren zerrendatzen direnek maiatzaren 20ko 687/2010 Errege Dekretuan ezarritako Sukalde-zuzendaritzako goi-mailako teknikariaren tituluaren ondorio profesional berberak izango dituzte. Hona aipatutako tituluak:

    Ostalaritzako teknikari espezialista, Ostalaritza eta Turismoko arloan

  2. Abenduaren 17ko 2218/1993 Errege Dekretuak ezarritako Jatetxe-arloko goi-mailako teknikariaren tituluak maiatzaren 20ko 687/2010 Errege Dekretuan ezarritako Sukalde-zuzendaritzako goi-mailako teknikariaren tituluaren ondorio profesional eta akademiko berberak izango ditu.

  3. Dekretu honetan Laneko prestakuntza eta orientabidea lanbide-modulurako ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-erantzukizunez arduratzeko, baldin eta gutxienez 45 eskola-ordu ematen badira. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.

  4. Dekretu honetan ezarritako prestakuntzak Elikadurako kalitatearen eta segurtasunaren eta higienearen kudeaketa lanbide-modulurako bermatu egiten du beharrezko ezagutza-maila elikagaien manipulazioan eta higienean jardunbide egokiak ahalbidetzeko, elikagaien manipulatzaileei buruzko arauak ezartzen dituen otsailaren 11ko 202/2000 Errege Dekretuaren 4.6 artikuluko exijentziaren arabera.

    Bigarrena. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak aukera izango du dekretu honen I. eranskinean ezarritakoaz bestelako iraupena duten proiektuak baimentzeko, baldin eta moduluen kurtsokako banaketa aldatzen ez bada eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzari esleitutako gutxieneko orduak errespetatzen badira.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko azaroaren 29an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.