Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2008ko ekainaren 19koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Agindu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko teknikari eta goi-teknikari tituluak lortzeko probak arautzen dira.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 133
  • Hurrenkera-zk.: 4229
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2008/06/19
  • Argitaratze-data: 2008/07/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Pertsonen ezagutza eta gaitasunak garrantzi handiko elementuak izan dira gizarte guztietan, gizarteen kultura eta teknologia garatzeko. Hori horrela izan da historian zehar, eta gaur egun oraindik garrantzi handiagokoa da. Merkatuak erabat globalizatuta dauden gizarte honetan, pertsonen gaitasun profesionalak giltza dira ondasunak eta zerbitzuak modu lehiakorrean ekoizteko sistema edukitzeko, bai eta enplegua sortzeko, ongizatearen gizarteari eusteko eta gizarte-kohesioa indartzeko ere.

Egoera honetan, Europar Batasunak enplegurako bultzatzen dituen estrategia koordinatuen helburua populazio gaitu aktiboa edukitzea da. Esaterako, ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 1.2 artikuluan hau xedatzen da: funts publikoekin finantzatzen den prestakuntza-eskaintzak bizitza osoko prestakuntza bultzatuko du, eta aukera eta egoera pertsonal eta profesionalei egokituko zaie. Era berean, Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 69.4 artikuluan ezartzen da hezkuntza-administrazioek, beren eskumenen alorrean, lanbide-heziketako tituluren bat zuzenean eskuratzeko probak antolatuko dituztela aldian-aldian.

Abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 35. eta 36. artikuluetan xedatzen dira teknikari eta goi-teknikari tituluak lortzeko proben oinarrizko baldintzak eta proba horietan parte hartzeko betekizunak. Errege-dekretu horren bidez, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezarri zen. Horrez gainera, errege-dekretu horretan esaten da hezkuntza-administrazioek aldian-aldian antolatuko dituztela probak, eta deialdiak urtean behin gutxienez egin beharko dituztela.

Otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 10. artikuluan zehazten da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arautuko dituela teknikari eta goi-teknikari tituluak eskuratzeko proben deialdia eta prozedura. Dekretu horretan, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako antolamendu orokorra ezarri zen.

Horren ondorioz, hau

Agindu honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketako teknikari eta goi-teknikari tituluak lortzeko proben baldintzak arautzea da.

Teknikari eta goi-teknikari tituluak eskuratzeko proba libreak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko ikastetxeetan egingo dira, baimenduta dituzten prestakuntza-zikloetan, eta betiere, erregimen arruntean matrikulatutako ikasleak badituzte lehen nahiz bigarren mailan. Salbuespen modura, Lanbide Heziketako zuzendariak ikastetxe bat baimendu ahal izango du proba libreak egiteko aurretik emanda duen heziketa-ziklo batean edo 1. mailako ikasleak dituen heziketa-zikloen batean.

  1. – Teknikari titulua lortzeko probetara aurkezteko, hamazortzi urte izan behar dira. Goi-teknikari titulua lortzeko probetara aurkezteko, hogei urte izan behar dira, edo hemeretzi teknikari titulua dutenek.

  2. – Goiko paragrafoan azaldutako adinaz gain, ikasketa-betekizun hauetako bat bete behar da probetan aurkezteko:

    1. Teknikari titulurako (erdi-mailako prestakuntza-zikloa).

      • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua izatea.

      • Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua izatea.

      • Teknikari laguntzaile titulua izatea.

      • Teknikari titulua izatea.

      • Batxilergo Bateratu Balioanizduneko bigarren maila gainditu izana.

      • Irakaskuntza Ertainen Erreformako lehen ziklo esperimentaleko bigarren maila gainditu izana.

      • Arte Aplikatu eta Lanbide Artistikoko 1963ko planeko ikasketen hirugarren maila gainditu izana, edo komunetako bigarren maila esperimentala.

      • Ikasketa-ondorioetarako goikoen baliokidetzat jo den beste ikasketaren bat gainditu izana.

      • Erdi-mailako prestakuntza-zikloetara sartzeko probak gainditu izana.

      • Hogeita bost urtetik gorakoek unibertsitatean sartzeko duten proba gainditu izana.

    2. Goi-teknikari titulurako (goi-mailako prestakuntza-zikloa).

      • Batxilergoko titulua izatea.

      • Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan, hezkuntza-sistemaren antolaketari buruzkoan, zehaztutako batxilergo titulua izatea.

      • Teknikari espezialista edo goi-teknikari titulua izatea. Edo horien ikasketa-ondorio berak dituen tituluren bat izatea.

      • Batxilergo Esperimentaleko edozein modalitatetako bigarren maila gainditu izana.

      • Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea edo Unibertsitate Aurrekoa gainditu izana.

      • Unibertsitate titulu bat edo pareko bat izatea.

      • Goi-mailako prestakuntza-zikloetara sartzeko probak gainditu izana.

      • Hogeita bost urtetik gorakoek unibertsitatean sartzeko duten proba gainditu izana.

  3. – Era berean, teknikari edo goi-teknikari titulua lortzeko probetan izena emateko eta aurkezteko aukera izango dute otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuko 11. artikuluan zehazten den eskaintza ikasi dutenek. Edonola ere, bide horretatik probetan aurkezten diren pertsonek goiko atalean zehaztutako ikasketa-betekizunak betetzen dituztela egiaztatu ondoren soilik eskatu ahalko dute kasuan kasuko titulua.

Deialdiak Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpenen bidez gauzatuko dira. Ebazpen horietan, izen emateko aldia eta proben datak zehaztuko dira.

Prestakuntza-ziklo osoetan edo modulu profesional batzuetan eman ahalko da izena.

Ikasturte berean, ikasle batek ezingo du modulu berean izena presentziazko ikasle moduan eta titulua lortzeko probetan.

Matrikula aukeratutako ikastetxeko idazkaritzan egingo da, prestakuntza-zikloetarako ezarritako aplikazio informatiko espezifikoaren bidez.

Prestakuntza-zikloek duten modulu profesional bakoitzerako proba bat egingo da, Lantokiko Prestakuntzako modulurako izan ezik. Azken hori presentziazkoa izango da beti.

Proben edukiak prestakuntza-zikloetako curriculumekoak eta kasuan kasuko gaitasun-unitateetakoak izango dira.

Ebaluazio-batzordeak sortuko dira probak egiteko, eta goiko puntuetan ezarritakoa hartuko dute aintzat horretarako.

Proben egutegiak ikastetxeetako iragarki-oholtzan jarriko dira. Eta egutegi horietan, modulu profesional bakoitzaren probaren ordua eta data azalduko dira, bai eta probaren egiturari eta edukiari buruz Ebaluazio-batzordearen ustez aipatu beharreko argibideak ere.

Probak egingo diren ikastetxe bakoitzean ebaluazio-batzorde bat osatuko da prestakuntza-ziklo bakoitzeko.

Ebaluazio-batzordeek presidentea izango dute, eta gutxienez, lau kide. Kide horien artean gazteenak idazkari-lanak egingo ditu. Kasu guztietan bermatu beharko da modulu profesional bakoitzerako irakasteko gaitasuna duen batzordeko kide bat gutxienez egongo dela.

Ikastetxeko zuzendariak izendatuko ditu ebaluazio-batzordeetako presidenteak eta kideak.

Modulu profesional bakoitzaren ebaluazio-irizpideak eta amaierako gaitasunak edo ikasitakoaren emaitzak aintzat hartuz ebaluatuko ditu probak ebaluazio-batzordeak.

Modulu profesionalen azterketa hezkuntza-sistemako lanbide-prestakuntzan indarrean dauden arauek zehaztutakoari jarraiki prestatuko da. Emaitzak akta batean idatziko dira, ebaluazio-batzordeko kide guztiek izenpetuko dituzte, eta akta ikastetxeko idazkaritzan gordeko da.

Agindu honetan araututako probetan izena ematen dutenei aplikagarri izango zaie indarreko legedian modulu profesionalen baliozkotzeari buruz ezarritakoa eta lantokiko prestakuntzako modulutik salbuesteari buruz ezarritakoa.

Baliozkotzeko eta/edo salbuesteko eskabideak egiteko, aldez aurretik matrikulatu beharko da kasu guztietan, eta eskabide hori matrikula formalizatzean egingo da. Eskabidearekin batera, indarreko legeriak ezarritako dokumentazio guztia ere aurkeztu beharko da.

Modulu profesionalen ebaluazioaren ondoren jasotako emaitzen aurka erreklamazioak aurkeztu ahalko dira, presentziazko ikasleentzat ezarritako prozedura berari jarraituz.

Lantokiko prestakuntzako modulua prestakuntza-zikloko gainerako modulu profesionalak bukatu ondoren egin beharko da -hala dagokionean, proiektuarena izan ezik-, eta kasuan kasuko curriculumean adierazitako iraupena izango du.

Modulu honetan izena emateko matrikularen epea eta presentziazko ikasleentzakoa berbera izango dira. Hala ere, horretarako behar den dokumentazioa erakutsiz salbuespena eskatzen duten ikasleak, Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpenak, agindu honen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, urtero ezartzen duen aldian matrikulatu ahal izango dira lanbide-modulu honetan.

Presentziazko ikasleentzat aurreikusitako aldi berean egingo dute matrikulatutako ikasleek lantokiko prestakuntzako modulua, eta ikasle horiek jasotzen duten tratamendu bera jasoko dute jarraipenean, ebaluazioan eta kalifikazioan. Horrenbestez, aldiaren bukaeran beteko den ebaluazio bukaerako aktaren barruan egongo dira horiek ere. Hala ere, lantokiko prestakuntzako modulua egiteko nahiko ikaslek eman badute izena, beste talde bat antolatu ahalko da prestakuntza beste aldi batean egiteko.

Deialdian adierazitako probak bukatzean prestakuntza-ziklo jakin bateko modulu profesional guztiak gainditu dituztenek kasuan kasuko titulua eskatu ahalko dute. Dena den, otsailaren 26ko, 32/2008 Dekretuko 11. artikuluan zehazten den eskaintzan ikasi dutenak proba hauetan matrikulatu eta aurkeztu badira, titulua eskatu baino lehen, egiaztatu egin beharko dute agindu honen 3. artikuluan ezarritako ikasketa-betekizunak betetzen dituztela.

Hasitako prozesua buka dezaten, proba libreak egiteko prestakuntza-zikloren batean aurreko urteetan matrikulatutakoen artean, moduluren bat gutxienez gainditu dutenek aukera izango dute 2008an eta 2009an deituko diren probetan aurkezteko, 2. artikuluan ezarritako ikasketa-betekizunak bete behar izan gabe.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (11)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.