Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

LITERATURA Bertsolaritza EUSKAL HERRIKO BERTSOLARI TXAPELKETA


Zer da bertsoa?
Historia
Bertso saioak
Bertsolarien
lanak
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak
Bertso paperak
Bertso eskolak
Bertsozale Elkartea
Bibliografia

 EUSKAL HERRIKO BERTSOLARI TXAPELKETA

   Bertsolaritzaren historian lehiak garrantzi handia izan du. Bertsolariek nor baino nor hobea jakin eta erakutsi beharra izan dute. Eta entzuleak ere gustuko du bertsozko lehia. Hala ere, bertso txapelketak berri samarrak dira. Txapelketa ofizialtzat har daitekeen lehena 1935ean jokatu zen. Urte honetan Aitzol (Jose Ariztimuño) eta beste batzuek bertsolaritza sagardotegitik aretoetara eraman nahi zuten. Ahozko literatura bizia zen bertsolaritzari garrantzia, prestigioa eman nahi zitzaion. Lehen txapelketa hura 22 urteko gazte batek irabazi zuen, Basarrik; baserrian jaio eta kalean bizi zen pertsona eskolatua. Hurrengo urtean, 1936an, Txirritak irabazi zuen, 75 urteko bertsolari joria. Sagardotegietan ikasi eta jardundakoa; bertso paper askoren jartzailea, oso ezaguna eta estimatua.

Gerrak eta gerra ondorenek eten zituzten txapelketak. Hurrengoa, erdaraz "Campeonato mundial de versolaris" iragartzen zen. Frankismoarentzat Espainia eta Frantziako bertsolariak lehiatzen baitziren eta ez Euskal Herri batekoak. Txapelketa hau 1960an jokatu zen. Bertsolaritza eta bertsozaletasuna bizi-bizi garai gorrietan mantendu zenaren erakusle izan zen bertaratutako jendetza. Txapeldun, bigarrenez, Basarri.
Hurrengo hiru txapelketak, 1962, 1965 eta 1967koa Uztapidek irabazi zituen. Hauetan, eskola handirik gabeko bertsolariak ziren nagusi. Aipatzekoa da, Txapelketa hauek Euskaltzaindiaren izenean antolatu baziren ere, aurrera eraman zituena Alfontso Irigoien izan zela.

Hamahiru urteko etenaren ondoren Euskaltzaindiak beste bi txapelketa antolatu zituen 1980 eta 1982koa. Frankismoaren ondoren egindako lehen txapelketek, denek bezala, arrakasta handia izan zuten. Baina, lehen ez bezala, entzule gazte asko hurbildu zen. Beste berrikuntzak bien txapeldun gertatu zen Xabier Amurizak ekarri zituen, neurri, doinu, hizkera, gaien trataera…

Ondorengo txapelketa bertsolariek beraiek antolatu zuten 1986an. Txapelduna Sebastian Lizaso izan zen. Hurrengoak, Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak (gaur Bertsozale Elkartea dena) antolatu zituen. Ikusle aldetik, gero eta gehiago. 1989an Donostiako Belodromoan, zuzenean, 8000 ikusle baino gehiagok txalotu zuten Lopategiren txapela. Azken Txapelketa nagusiak 1993an eta 1997an jokatu ziren; biak Andoni Egañak irabazi zituen. 1997koan, azken fasera iritsi ziren bertsolari gehienak unibertsitarioak ziren. Bertsolaritzaren garaietara egokitze gaitasunaren erakusgarri.
Hurrengoa 2001ean jokatuko da.