SARRERA
Euskal Herrian ez da euskaldunik izango bertsolaritza zer den ez dakienik. Euskaldun guztiek entzun izan dute inoiz bertsoren bat. Egia esan, ez da jairik izaten bertsorik gabe; herriko festak direla, omenaldiak direla,… bertsoa entzuteko aukera asko du euskaldunak.
Bertsolaritzak tradizio handia du Euskal Herrian. Euskaraz idazten ekin aurrekoa baita. Antzinakoa izanik, gaur egunekoa ere bada. Bertsolaritzak garaiari egokitzen asmatu du-eta. Gure garaiak eskatzen dituen berritasun, intentsitate, lehiakortasun, arrisku eta gainontzeko ezaugarriak bertsoak ditu berarekin. Etengabe berritzen dira doinuak, ideiak, esamoldeak, ikuspegiak, bertso ariketak, saioak, bertsolariak,…
Bertsolaritza ahozko literatura bat-batean sortzea da. Baina ez hori bakarrik; bi pertsonen lehia dialektikoa ere bada, arrazoiak, ideiak, formak beste balio du. Poetika eta erretorikaren ezaugarriak antzemango ditugu bertsoan.
Eta komunikazioa. Bertsolariak bertsoa sortzen duen momentuan, bertan, jasotzen du publikoak, zuzen-zuzenean. Arte modernoan "Performance" deitzen zaio honi. Publikoari, bat-batekotasunak bertsolariari dakarkion arriskua gustatzen zaio eta estimatu, badaki estimatzen. Ez arriskua bakarrik. Edozein gai (bitxiena edo arraroena denik ere) emanda, segundo ale gutxitan, hain ideia sakon, original, berriak asmatu eta bertso bateko jantzi estura errenditzeak publikoarengan miresmena eta inbidia sortzen du.
Bertsolaritza ez da, ez liburu batean ezta bizitza batean ere, agortzen (Aita Zavalarena, kasu). Orri xume eta urri hauetan zertzelada batzuk besterik ez ditugu emango, pintoreak koadroari pintatzen hasi aurretik eman ohi dion basea besterik ez direla jakitun
|