Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

LITERATURA Bertsolaritza BERTSOLARIEN LANAK


Zer da bertsoa?
Bertso saioak
Bertsolarien
lanak
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak
Bertso paperak
Bertso eskolak
Bertsozale Elkartea
Bibliografia
Bertsolariakbertso             Bertsolariak entzun bertso


 BERTSOLARIEN LANAK

   Bertsolariek binaka edo banaka jardun dezakete. Hona hemen usuenak.

   Binaka:

   Ofizioka: Gaijartzaileak ofizio edo rol bana ematen die bertsolariei. Adibidea: "Xalbador eta Uztapide ari dira, lurretik ehun metrora dagoen aldamio batean pintatzen. Bat-batean, azpiko aldamioa hasten da kraskatzen. Batek berehala salto eginez, menturaz bestea salba daiteke, aldamioa ez bailitzake orduan arras kraskatuko".

Uztapide
1

Lurretik ehun metrora zaigu
aldamio bat ageri,
bitatik batek saltatu behar,
badira mila komeri"
ta, Xalbador, zu eroritzeak
pena ematen dit neri,
bitatikan bat erortzekotan
nahiago det nik erori.
Xalbador
1

Kasu hunetan nehoiz munduan
gertatu ote da nehor?
Beheragotik ere guziak
nahiz gintazken erorkor.
Ez, Uztapide, nihaur banoa,
otoi etzaitela eror,
berdin zu hantxet hil eta gero
hila litake Xalbador.
2

Xalbador lagun orren aurrean
erantziko det txapela.
Bainan badakit bitatikan bat
salbatu ez ditekela;
bihotzak dio sentitzen duna,
ez nun esango bestela,
lagun hurkoa maitatzen baidet
nere burua bezela.
2

Zendako behin, oi Uztapide,
ote zintudan ikusi?
Zer debruk bada ote zintuen
eni hola maitarazi?
Ez gaiten hemen bat ere geldi,
biak lurrerat goatzi,
gutarikan bat hor hiltzekotan
bertzea zendako bizi?
3

Ongi diozu, lagun maitea,
ez dezu hitz egin zakar,
eta zuri zer erantzun ere
pentsatua daukat azkar:
alkarrentzako sortu ginan da
zertarako bizi bakar?
Biok gelditu edo erori,
guk hartu dezagun alkar.
3

Hau da memento ikaragarri
txarra pasatzen duguna,
ni memorioz gaizki naiz edo
mementu hau ez da ona;
hau da amets gaixtoenetarik
nonbaitik heldu zaukuna,
bi maitetarik bat galdu behar;
bizia edo laguna.
4

Badakizute zer izaten dan
munduko trantze txar ura,
gauzak serio hartutzen dira,
ezta bakarrik itxura.
Azkenerako hau datorkio
Uztapideri burura:
hiltzen bagera zer egingo da,
biak baguaz zerura?

   Puntuka: Bertsolariek puntu bana elkarren segidan kantatzen dute bertsoa osatu arte. Saio hauek oso biziak eta entzulearen gustukoak suertatu ohi dira. Bertsotik bertsora ez da etenik izaten.

   Bakarka:

  • Puntuari erantzun: Hauxe izango du, beharbada, bertsolari batek ariketarik zailena. Gaijartzaileak bertsoaren lehen puntua bota eta, segidan, bertsolariak zortziko txikia osatu behar du.
  • Oinak emanda: Derrigorrez bertsoan jarri behar diren lau oin ematen zaizkio bertsolariari berak bertsoa osa dezan.
  • Azken puntua emanda:Bertsolariari bertsoa bukatzeko azken puntua ematen zaio bere bertsoa hala buka dezan.
  • Gaia emanda: Bertsolariak berak aukeratzen duen doinu eta neurrian gai bakar bati buruz hiru bertso botako ditu . Adibidea: Donostia, 1989ko txapelketako finala. Sei puntu edo gehiagoko doinu eta neurrian hiruna bertso. Gaia: Zuk, atzerritarra izanik, Euskal Herrian eraman duzu ia bizitza osoa. Gaur jubilatuta bazoaz zeure sorterrira…
Neurria: 9 puntuko berezia.
Doinua: Munduko ilunabarra

1

Munduko ilunabarra
adinaren zoritxarra
ahultzen doa indarra
baina ez barneko garra.
Etorri nintzen herri hontara
berau zen nire izarra,
bertan utzi dut izerdia ta
zorionaren aparra,
bertan uzten dut nire irria
ta bertan nire negarra,
berriro neure jaio etxera
daukat itzuli beharra,
baina ez zaitut inoiz ahazt uko
ene Euskal Herri zaharra. (bis)
2

Esan dut mila gorespen,
hitz bat ere noa jeisten,
adinak gaitu bereizten
ta albo batera uzten;
baina edadez gizonak dugu
gauzak zuzenak ikasten,
esperientzian gure bihotzak
asko baitu irabazten.
Zu agurtzean nire hesteak
dirudi direla hausten,
baina bizitza zugandik urrun
hain zaila bazait erizten,
hil aurretikan etorri nahi dut
berriz ere zu ikusten. (bis)
3

Kanta izan dizut sarri
hamaika abesti barri,
baina gaurkoan naiz larri,
joatea da mingarri.
Zu ikusteko ardurak nindun
garai batean ekarri,
ezagutu ta gure bihotzak
oratu ziren elkarri.
Ordutik hona ni izan nauzu
hau esateko egarri,
ni banijoa neure etxera
adinez bainaiz elbarri,
baina zu beti izango zara
nire bigarren Aberri. (bis)
         Jon Enbeita

   Beste ariketa askori ere egin behar dio aurre bertsolariak. Hemen aipatutakoak gehien egiten direnak dira. Hala ere gaijartzaileek ariketa edota saio berriak etengabe asmatzen dituzte