Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

LITERATURA Bertsolaritza ZER DA BERTSOA?


ZER DA BERTSOA?

   Bertsoa ahapaldi bat da. Bertsoa lerroz, puntuz eta oinez osatzen da.

1. lerroa Urepel hortan bazen artzain bat 1. puntua
2. lerroa izarrekin mintzo zena oina
3. lerroa agian, holan, sortu zitzaion 2. puntua
4. lerroa bertsoetarako sena oina
5. lerroa sentimendutan sakona bezain 3. puntua
6. lerroa arrazoiketan zuzena oina
7. lerroa Xalbador deitzen zioten baina 4. puntua
8. lerroa Fernando zuen izena. oina
Jon Lopategi.

  Bertso honek 8 lerro ditu eta lau puntu. Puntua errimatik errimara doan bertso zatia da. Puntuko azken hitza oina da, errima duen hitza. Adibide honetan oinak: zena, sena, zuzena eta izena dira. Puntuak bi lerro hartu ohi ditu baina ez beti.

   Bertsoak neurri anitzekoak izan daitezke. Adibideko hori zortziko nagusia (edo haundia) da: zortzi lerro ditu, lau puntu eta puntu bakoitzak 10 / 8 silaba lerroko. Oinak, berriz, 8 silabetako lerroetan (bikoitietan) dira. Zortziko txikiak silaba gutxiago du: 7 / 6; gainontzekoan berdina da. Hamarreko haundiak eta txikiak ere badira. Hauek hamar lerro dituzte. Aipatutako lau neurri hauek dira erabilienak baina, gehiago ere badira: 6 puntukuak, 7 puntukoak,...

ERRIMA

   Errima oinen arteko hoskidetasunari deritzo. Bertsogintzan errima aberatsa eta pobrea bereizten dira. Bertsolariak oinen azkeneko silaba osorik eta aurreko silabaren bokalak hoskideak izatea bilatzen du. Errima pobrea, azken silabetako bokala besterik ez izatea hoskidea, errima, atzizki beraz osatzea edo aditz bereko adizkiez osatzea da.

   Bertso baten oinak diferenteak izan behar dira. Hitz bera (forma eta esanahi berdinez) bi oinetan ipiniz gero poto egingo du bertsolariak. Akats itsusitzat hartzen da berau. Baina oinetako hitzek formaz berdinak izan arren adiera bana badute ez da potorik:

I

Bertsolai onena zein galdetzen didate bertsolariak onak gaur asko zerate nik ez det inor ere bajatu nahi bat'e baina bat jartzekotan sailetik aparte hoberentzat jotzen det Manuel Lasarte.
II

Leitzan jaio ta Orion bizi dana herriz parekorikan ez du rimaz eta neurriz denok txoratzen gaitu bere bertso berriz aho sapai ederra eztitsua, berriz, ez dakit holakorik sortuko dan berriz
            Florentino Goiburu

  Bigarren bertsoko azken oinek esanahi bana dute, beraz, ez dago potorik.

BAT-BATEKOTASUNAREN TEKNIKA

       Bertsolariak zer esan eta nola esan bat-batean asmatzeaz gain bertsoaren jantzi estura errenditu behar da: errimara, neurrira, doinura...

   Behin neurria eta doinua aukeratuta, bertsolariak azken puntua sortzen du. Azken puntuak garrantzi handia du. Bertsoaren zehar esandakoak azken puntua prestatu eta bideratzen du, bertan biltzen baita bertsoaren karga, arrazoi nagusia, erantzuna,..., ona bada, entzulearen gogoan geratu dena. Adibidea: Itsasondon Mikel Mendizabalek Andoni Egañari gai hau jarri zion: "Ume negarra ala despertadorea?" Egañak azken puntua osatu zuen:
   

"negar batean, zotin artean
amari deitzen dio-ta "

   Ideia neurtu eta azken punturako taxutu ondoren, azken oinaren (dio-ta) hoskideak aukeratzen ditu errima zerrenda luzetik: konta, gorrota, bota eta inporta. Azkenik, bertsoa botatzen hasten da puntuak kantatu ahala osatuz eta gogoan duena azkenerako gordez. Hona bertsoa:

Ume negarra nahiago det ni
ta zergatik nahi det konta,
despertadore aldrebes hori
nola Kristo ez gorrota
inoiz baineran sartuko nuke
bestela leihotik bota.
Ume negarra aitzea, berriz,
ez zait batere inporta
negar batean, zotin artean
amari deitzen dio-ta.