Vörösmarty, Mihály
Hungariar idazlea (Nyék, 1800 - Pest, 1855). Familia apal batean jaioa zen eta Zuzenbideko ikasketak egin bazituen ere irakasle gisa lan egin zuen familiari laguntzeko. Argitaratu zituen lehen bi lanak Salomon eta Kont tragediak izan ziren, baina Zalanen ihesa (1825) lanari esker egin zen ospetsu; Arpad heroiak Hungaria nola konkistatu zuen kontatu zuen olerki epiko hartan. 1828an Tudomanyos gyüjtemeny aldizkaria sortu zuen eta 1837-1843 bitartean Athenaeum aldizkariko zuzendaria izan zen. 1848ko iraultzan diputatua izan zen eta iraultzaren ondoren ezkutuan eta miseria gorrian bizi behar izan zuen 1850 arte. Tragediez eta epopeiez gainera olerkiak eta dramak idatzi zituen. Hungariako literatura bai hizkuntzaz eta bai espirituz benetan hungariar bihurtzen eta literatura klasikoaren eta germaniar literaturaren eraginpetik askatzen lagundu zuen. Beste lan aipagarri batzuk: Csongor és Tünde (1830), Szozat (1837), Hungariako ereserki bihurtu zena.