Volkswagen AG
Alemaniako auto enpresa handiena. Volkswagen (alemanez, "herriaren autoa") nazionalsozialismoak sortu zuen 1937an, Ferdinand Porsche aita-semeek 1934an diseinaturiko auto txiki merke bat produzitzeko. Hasieran, autoari KdF-Wagen izena jarri zioten, Kraft durch Freude ("indarra alaitasunaren bidez") nazien ikur-hitzean oinarriturik, baina mundu osoan "labezomorro" deitu zitzaion. Nolanahi ere, auto gutxi ekoiztu ziren nazien garaian, Volkswagen fabrika –eta hartarako propio eraikitako hiria, Wolfsburg, enpresaren bulego nagusiak eta bere fabrika handienetako bat dituena– material militarra ekoizteko erabili baitzen Bigarren Mundu Gerra osoan. 1943tik 1945era enpresak bere gain hartu zituen, halaber, Frantziako Peugeot fabrikak. 1978an bertan behera utzi zuen labezomorroaren produkzioa Alemanian, baina ez ordea beste herrialde batzuetan. 1990erako mota bereko 20 milioi auto baino gehiago saldu zituen. Volkswagen Europako auto fabrikatzaile nagusietako bat izan da gerora ere, ekimen hauei esker besteak beste: Audi AG luxuzko auto enpresaren erosketa (1965); Golf eta beste auto mota batzuk ekoizpena (1974); SEAT enpresa espainiarraren kontrola (1986); Trabanteko instalazioen erosketa Alemaniako ekialdean; lankidetza hitzarmenak Ford, Toyota, Skoda eta beste auto fabrikatzaile batzuekin.