Volgogrado
(Tsaritsin 1925 arte eta Stalingrado 1961 arte). Errusiako hego-mendebaleko hiria eta ibai portua, izen bereko eskualdeko (114.100 km2 eta 2.500.000 biztanle) hiriburua, Volga ibaiaren ertzean. 1.007.000 biztanle. Unibertsitatea. Burdinbide gune garrantzitsua. Ekonomia:industria (ontziolak, altzairugintza, metalurgia, kimika industria, janari industria, eraikuntza gaiak, petrolio findegiak, nekazaritzarako makineria, zurgintza, automobilgintza) eta merkataritza. Hiritik gertu, Volga ibaiaren behe ibilguan, garrantzi handiko indar-etxe bat da. v Historia. 1586an eraiki zen Tsaritsingo gaztelu-hiria errusiarrek Volga ibaiaren ibilguan zehar konkistatu zituzten lurraldeak babesteko. 1670. urtean Stenka Razin-ek hiria konkistatu zuen eta 1773-1775. urteetan Pugatxev-ek antolaturiko matxinadan parte hartu zuen hiriak. 1919an Stalinek konkistatu zuen eta Stalingrado izenaz bataiatu zuten haren omenez. Bigarren Mundu Gerran erabat suntsitu zuten eta 350.000 alemaniar hil zituzten bertan.