Turner, Josep Mallord William
Britainiar pintorea (Londres, 1775 - Londres, 1851). 1789. urtean Royal Academy arte ederretako akademian onartu zuten eta bost urte geroago grabatzaileentzako marrazkiak egiten hasi zen. Haren lehen paisaia arrakastatsuek, oleoz eta akuarelaz eginak, Richard Wilson ingelesaren eragina erakusten dute. 1802. urtean akademiako kide egin zuten. Urte haietan bidaia ugari egin zituen eta Parisko egonaldian frantses eta italiar maisu barrokoak aztertzeko egokiera izan zuen. Horren ondorioa izan zen Dido Kartago eraikitzen lan ikusgarria. XIX. mendearen hasieran, halaber, gaztelu eta jauretxe ugari pintatzeko mandatuak jaso zituen (Linlithgow, Somer Hill, Tunbridge) eta aukera horretaz baliatu zen kolore eta argiarekin jolastu eta frogak egiteko (Merkataritza itsasontzi baten hondoratzea). 1838. urtean utzi egin zuen Royal Academy eskolan zuen irakasle postua eta Europan zehar bidaiatzeari eta koadroak pintatzeari ekin zion buru belarri. Bere bizitzako azken urteetan kolorea eta argitasuna landu zituen nagusiki: Egunsentia Norham gazteluan, “Izukaitza” ontzia desegiteko bidean eta Euria, behe lainoa, abiadura. Turner-en ospea murriztuz joan zen errealismoa nagusitzen zihoan neurrian baina John Ruskin ingeles kritikariak eta inpresionistek goraipatu zuten Turner-en pintura eta XIX. mende bukaerarako oso preziatuak ziren haren lanak.
- Turks eta Caicos
- Turku
- turmalina
- turnada
- Turner, Eva
- Turner, Josep Mallord William
- Turner, Kathleen
- Turner, Lana
- Turner, Ted
- Turner, Tina
- Turner-en sindromea