Turner, Eva
Britainiar sopranoa (1892-1990). Dame Eva izenaz ere ezaguna. Bristol eta Londresko kontserbatorioetan egin zituen ikasketak. 1916an egin zuen debuta, Londresen, Wagnerren Tanhäuser obrarekin. Bere ahotsak Alemania, Frantzia eta Italiako opera errepertorioaren paper konplexuak interpretatzeko aukera eman zion. 1924rako munduko soprano dramatiko onenetako bat zen. Batez ere Verdiren Aida eta La forza del destino, Beethovenen Fidelio, eta Pucciniren Tosca eta Madame Butterfly obren interpretazioan nabarmendu zen. 1927an Milango Scalan egin zuen debuta, Wagnerren Tetralogia-rekin, Arturo Toscaniniren zuzendaritzapean. Hurrengo bi hamarraldietan Europako eta Ameriketako antzoki handienetan abestu zuen. 1948tik aurrera, erretiroa hartuta, irakasle gisa jardun zuen.