Turner, Tina
(Jaiotza izena, Anna Mae Bullock) Estatubatuar kantaria (Tennessee, 1938). Bere ahotsaren indar eta sendotasunagatik eta agertokian eskaintzen duen ikuskizunagatik da batez ere ezaguna. Ike Turner piano eta gitarra-jotzaileak "aurkitu" zuen San Luisko klub batean, 1957an. Urtebete geroago ezkondu ziren eta elkarrekin grabatzen eta kontzertuak eskaintzen hasi ziren, Ike and Tina Turner Revue izenaz. Urte horietan rhythm and blues estiloko musika egin zuen batez ere. 1960an argitaratu zuen bere lehen diskoa, A Fool In Love, eta kontzertuetan eskaintzen zuen ikuskizunagatik –eromenezko dantzan eta arropa deigarriez jantzia agertzen zen– ezaguna egiten hasi zen. River Deep, Mountain High (1966) diskoak arrakasta handia izan zuen, Estatu Batuetan ez ezik baita Britainia Handian ere. Bikoteak 1971n lortu zuen arrakastarik handiena, "Proud Mary" kantarekin. 1975ean senarrarengandik bereizi zen eta handik aurrera bakarlari gisa hasi zen. Hurrengo lanen artean aipagarriak ditu Ball Of Confusion (1982) eta Private Dancer (1984). Azken disko horretatik hamar milioitik gora ale saldu zituen mundu osoan. 1985ean George Miller zuzendariaren Mad Max III filmean parte hartu zuen. 1993an bere bizitzari buruzko film bat estreinatu zen: What's Love Got To Do With It? 1995ean James Bond espioiari buruzko azkeneko filmaren musika –Albert R. Broccolirena– interpretatu zuen: Golden Eye.