Turks eta Caicos
Karibe itsasoko uhartedia, Haiti-ko uhartearen iparraldean, Bahama uharteen hego-ekialdean eta Dominikar Errepublikaren iparraldean, britainiarren administraziopean dagoena. Grand Turk, Salt Cay eta beste uharte txiki batzuek osatua da Turks multzoa eta beste sei uharte nagusik osatua Caicos multzoa: South Caicos, East Caicos, Middel edo Grand Caicos, North Caicos, Providenciales eta West Caicos. 500 km2 hartzen dute guztira eta 11.000 lagun bizi dira uharteotan. Hiriburua, Cockburn Town, Grand Turk uhartean. Laborantza (azukre kanabera, sisala), arrantza (otarraina) eta turismoa dira ekonomia jarduera nagusiak. v Historia. 1512. urtean Juan Ponce de Leon uhartedira heldu zenean indiarrak ziren hango biztanleak. 1678. urtean ingelesak lurreratu ziren eta 1874. urtean Jamaikaren mende zeuden. 1959. urtean Jamaikatik bereizi eta Ingalaterraren administraziopean jarri ziren. Bahama uhartediko gobernaria Turks eta Caicos uhartediko gobernaria ere izan zen 1965-1973 urteetan. 1976. urtean konstituzio berri bat jarri zen indarrean eta, horrenbestean, neurri baterainoko autonomia maila lortu zuen uhartediak.