Trudeau, Garry
Estatubatuar karikatura egilea (New York, 1948). Yaleko Unibertsitatean egin zituen ikasketak. 1968-1970 bitartean, ikasketak amaitu gabe artean, zerrenda komikoak marraztu zituen Yaleko Daily News egunkariarentzat, unibertsitateko irakasleetako asko satirizatuz. Lizentzia lortu zuenean, Universal Press Syndicate zenak Estatu Batuetako politikarien marrazkiak egiteko kontratatu zuen. Trudeauk lanpostua onartu zuen, eta 1970ean Doonesbury marrazki zerrenda 30 egunkaritan azaldu zen, Washington Post barne. Oso eztabaidatua izan zen, eta bahitua ere bai zenbaitetan. Irakurleen eskariek, baina, zentsuratutako marrazkietako batzuk argitaratzea behartu zituen egunkariak. Marrazki horiekin 1974ko Pulitzer Saria irabazi zuen. 1975. urte inguruan Doonesbury-k 40 milioi bat irakurle zituen, eta 400 egunkari desberdinetan agertzen zen; Britainia Handian The Guardian egunkarian azaldu zen.