Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Troyes

Frantziako iparraldeko prefetura hiria, Aubeko departamenduan (Champagne-Ardenne), Sena ibaiaren ertzean. 60.800 biztanle. Apezpikutegia. Industria (bizikletagintza, ehungintza, tresneria elektrikoa eta mekanikoa) da ekonomia jarduera nagusia. Hiri zaharra da bestalde, eta garai askotako monumentuak gorde ditu. Aipagarriak dira Luis XIII.aren estiloan eginiko udaletxea, Saint-Pierre-et-Sain-Paul katedral gotikoa, XIV, XV eta XVI. mendeetako elizak, Troyes eta Champagneko museoa biltzen duen 1550. urteko Vauluisant jauregia eta Saint-Loup abatetxe zaharreko liburutegia. v Historia. Augustobona izena zuen erromatarren garaian. XII-XIV. mendeetan oparotasun handia izan zuen (Champagneko sei azoketatik bi egin ziren han). Luis X.ak flandestar merkatariak azokara joateko ezarri zuen debekuak eta Ehun Urteko Gerrak moteldu zuten hiriko hazkundea. Joan Beldur Gabearen hiriburua izan zen, 1418. urtean Parisa joan zen arte. 1787. urtean Parisko parlamentua ezarri zuten bertan; XIX. mendean zehar oparotasun aldi berri bat izan zuen ehungintzari eta alsaziar etorkinei esker.