Trudeau, Pierre Elliot
Kanadar politikaria (Montréal, 1919 - 2000). Zuzenbide eta zientzia politiko ikasketak egin zituen Parisen, Harvarden eta Londresen. 1965. urtean diputatu hautatu zuten Ottawan alderdi liberalaren eskutik. 1967. urtean Justizia ministro egin zuten eta 1968an, alderdi liberaleko buruzagi hautatua izan ondoren, Kanadako lehen ministro izendatu zuten. Elebitasunaren aldekoa zen, eta 1969. urtean frantses hiztunak % 10era iristen ziren lekuetan barruti elebidunak sortu zituen irakaskuntza, justizia eta administrazio alorretan. Federalismoaren defenditzaile sutsua izan zen arren, 1979. urteetako hauteskundeetan galtzaile izan zen. 1980. urteko hauteskunde aurreratuak, ordea, irabazi zituen, eta urte berean Québec-eko erreferendumera biztanleei deitu eta irabazi egin zuen, hartara Trudeauren batasun nazionalerako tesiak sendotu zirela. 1982. urtean konstituzio berri bat izenpetu zuen, eta 1984. urtean bere ondorengoaren esku utzi zituen Lehen ministroaren eta alderdi liberaleko buruzagiaren karguak.