Trueba, Fernando
Espainiar zinemagilea (Madril, 1955). Kazetaritza ikasketak egin ondoren, zinema kritikari izan zen. Film labur batzuk egin eta 1980an egin zuen lehen film luzea, Ópera prima. Hurrengo filma Chicho Sánchez Ferlosio kantariari buruzko dokumental bat izan zen, Mientras el cuerpo aguante (1982, Gorputzak eusten dion bitartean). Komediak egin ditu gehienbat: Sal gorda (1983), Sé infiel y no mires con quién (1985), El año de las luces (1986, Argien urtea). 1989an polizi film bitxi bat egin zuen, El sueño del mono loco (1989, Tximu eroaren ametsa). Belle époque (1993) filmak, komedia hau ere, arrakasta handia izan zuen eta atzerriko film onenari ematen zaion Oscar saria jaso zuen 1994an.