Trudjman, Franjo
Kroaziar politikaria (Novo Tgoviste, Zagorje, 1922 - 1999). 1991n Kroaziak Jugoslaviatik bereizteko egindako gerraren buruzagia. 1941ean bere herriko partisanoekin bat egin zuen nazien eta ustashien (Kroaziako eskuin muturreko soldadu abertzaleak) aurka. Gerra bukatu zenean, gudarostean sartu zen. Jeneral gradua lortu zuen eta Defentsa ministerioan lan egin zuen. 1961ean gudarostea utzi zuen, Jugoslaviako Alderdi Komunistan sartu zen, eta Zagreveko Langile Mugimenduaren Ikasketa Institutuaren zuzendari eta zientzia politikoetako fakultateko irakasle izan zen. 1967an Alderdi Komunistatik bota zuten, marxismoaren aurkako eta Kroaziaren abertzaletasunaren aldeko obrak idazteagatik. 1972an, Jugoslaviako lehendakariak, Josip Broz Titok, gogor zapaldu zuen Kroaziako higikunde abertzalea ("Zagrebeko Udaberria"), eta Trudjman atxilo hartu zuten. Bederatzi hilabete egin zituen kartzelan. 1981ean berriro epaitu zuten, eta hiru urteko kartzela zigorra ezarri zioten, jarduera abertzaleengatik. 1989an, erregimen komunistak desegiten hasi zirenean Ekialdeko Europan, Trudjmanek Kroaziako Elkarte Demokratikoa sortu zuen, eta erraz irabazi zituen Kroaziako lehendakaritzarako lehen hauteskundeak, 1990eko udaberrian. Haren agintaritzapean, Kroaziak independentzia aldarrikatu zuen 1991ko ekainean. Serbiarrek, bai Kroaziakoak bai Serbiako Errepublikakoek, ez zuten Kroaziaren erabakia onartu, eta gerra piztu zen. Kroaziak bere lurraldearen heren bat galdu zuen, serbiarren mesedetan. 1992ko urtarrilean Kroaziaren burujabetasuna ezagutu zen. 1992ko azaroan, Konstituzio berriaren arabera deitutako hauteskundeetan, Trudjman hautatu zuten berriro lehendakari. 1995eko udaberrian eta udan, bere gudarosteek Krajinako Errepublika Serbiarra (serbiarrek hala aldarrikatua) konkistatu zuten (Mendebaldeko Eslovenian), eta urte bereko Legebiltzarreko hauteskundeetan bere alderdiak gehiengo osoa lortu zuen. 1995eko azaroan bakea izenpetu zuen (Daytoneko Hitzarmena) Bosnia eta Serbiako lehendakariekin, Jugoslaviako gerrari amaiera emanez. 1996an Serbiako lehendakari Slobodan Milosevic-ekin elkartu zen eta eta bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoak hastea hitzartu zuten. 1996ko azaroan, Estatu Batuetan egin zioten ebakuntza batetik osatu ondoren, manifestazio handiak egin ziren gobernuaren jarrera antidemokratikoaren aurka, gobernuak bere politika kritikatzen zuen irrati bat ixteko agindua eman zuelako. 1997ko ekaineko lehendakaritzarako hauteskundeetan berriro atera zen garaile, botoen % 61 eskuratuta.