Troyanos, Tatiana
Estatubatuar mezzo-sopranoa (New York, 1938 - New York, 1993). Ikasketak New Yorkeko Juilliard Musika Eskolan egin zituen, eta han Hans Heinzekin lan egin zuen. 1963an New York City Operan egin zuen debuta Brittenen Udako gau bateko ametsa laneko Hipolita paperean. Bi urtez aritu zen opera horretan kantatzen. Ondoren Rolf Liebermannek Hanburgoko operara deitu zuen, eta hamar urtez bertako abeslari nagusietako bat izan zen (1965-1975). Lehenengo lana Preziosilla izan zuen (Patuaren indarra), 1965ean. Handik urtebetera Aix-en-Provenceko jaialdian egin zuen debuta. 1967an izugarrizko arrakasta izan zuen Montréaleko operan, Erakusketa Unibertsala zela-eta. Handik urtebetera, Berliozen Margarita papera egin zuen Marseilleko Operan. 1969an Municheko operara gonbidatu zuten Carmen egitera. Pendereckiren Loudun-eko deabruak lanean parte hartu zuen Hanburgon (1969). Hiri horretan bertan beste hainbat lan egin zituen, Cosí fan tutte, Tannhäuser, Aida, besteak beste. 1969an Londresko Covent Gardenen egin zuen debuta eta baita Salzburgoko jaialdian ere. 1971n Chicagoko Opera lirikoan, eta Washingtonekoan kantatu zuen; 1976an New Yorkeko Metropolitan Operan; 1977an Parisko Operan eta Milango Scalan. Meten berrehun emanaldi eman zituen 1990eko hamarraldiaren hasiera arte, eta era askotako paperak kantatu zituen: Carmen, Santuzza, Ameris, Eboli, Poppee, Venus, la comtesse Geschwitz (Lulu), Orlovsky (Saguzarra), Cassandre (Troiarrak, 1983), Brangäne (Tristan eta Isolda, 1984), Kundry (Parsifal), Giulietta (Hoffmann-en ipuinak, 1987), Dorabella (1990)... Minbiziak jota hil zen.