Trueba, Antonio
Bizkaiko erdal idazlea (Mendizelai, Galdames, 1819 - Bilbo, 1889). Bizkaiko kronikagile ofiziala izan zen 1862tik aurrera. Eleberrigile gisa, eleberri historikoa –La paloma y los halcones (1865, Usoa eta aztoreak)– eta ohiturazkoa –El gabán y la chaqueta (1872, Gainjantzia eta jaka)– landu zituen. Poesia liburuak ere idatzi zituen, horien artean El libro de los cantares (1852, Kanten liburua). Alabaina, gehienbat ipuingintza lanak egin zituen, haien gertalekua nekazari giroko Euskal Herria eta mugaondoko Gaztela zirela; haietako batzuk dira: Cuentos populares (1853, Herriko ipuinak); Cuentos de color de rosa (1854, Arrosa koloreko ipuinak); Cuentos de varios colores (1866, Koloretako ipuinak). Folklorearen altxorra Truebaren ipuingintzaren iturri garrantzitsua da.