Thomson, Elihu
Ingeles ingeniari eta asmatzailea (Manchester, Ingalaterra, 1853 - Swampscott, Massachusetts, 1937). Aurkikunde garrantzitsuak egin zituen korronte alternoko elektrizitatearen alorrean eta Estatu Batuetako gai elektrikoen industria sortu zuen (American Electric Company, General Electric Company elkartearen aitzindaria). Estatu Batuetara joan zen bizitzera txikitan. 1879an, korronte alternoaren araberako motorra asmatu zuen; hurrengo urteetan erresistentzien bidezko soldadura elektrikoa, erreakzio motorra (1888), maiztasun handiko alternadorea, elektrizitate indarraren neurgailuak, eta beste tresna batzuk asmatu zituen.