Thomson, Virgil
Estatubatuar musikagilea (Kansas City, 1896 - New York, 1989). Ikasketak Harvarden egin zituen Edward Burlingamen Hill, A.T. Davison eta S. Froster Damonekin 1919. urteaz geroztik, eta pianoa Heinrich Gebhard eta organoa Wallace Goodrichekin ikasi zituen Bostonen. 1920-1925. urteen bitartean Harvardeko irakasle izan zen. 1922-1923 bitartean egonaldi bat egin zuen Parisen, eta Nadia Boulangerrekin ikasi zuen. Harvardera itzuli zenean, King’s Collegeko organo jotzaile izan zen 1922-1923 bitartean. Ondoren New Yorken konposizioa landu zuen Rosario Scalerorekin (1923-1924). 1925. urtetik eta 1930eko hamarraldiaren bukaera arte Parisen bizi izan zen, eta han Erik Satie, Six taldea, Jean Cocteau eta Pablo Picassorekin izan zituen harremanak. Stravinskik izugarrizko eragina izan zuen Thomsonengan. Bestalde, Gertrude Steinekin lan egin zuen. Hark bi operatako libretoak eman zizkion Four Saints in Three Acts (1928) eta The Mother of Us All (1947). 1940an New Yorken hartu zuen bizilekua eta New York Herald Tribuneko musika kritikari kargua onartu zuen. Lan horretan aritu zen 1954. urtea arte, eta Estatu Batuetako kritikari entzutetsuenetakoa izatera iritsi zen. 1948an Pulitzer saria lortu zuen Richard Flahertyren Louisiana Story filmeko musikagatik. Frantziako Institutuko kide urgazle eta Amerikako egile eta musikagileen elkarteko buru (bi alditan, 1960-1968 eta 1975-1983) izan zen. Azken urteetan musika idatzi eta bere lanak zuzendu besterik ez zuen egin. Hainbat unibertsitatetan honoris causa doktore izendatu zuten: Syracusa, New Yorkeko Estatala, 1949; New York, 1971; Columbia, 1978; Harvard, 1982; New England Conservatory, Boston, 1986. Thomsonek beti baztertu zituen garai hartako joera modernistak. Nahiago izan zuen musikaren unibertsalismoaren ideian oinarritzea. Bere musikak ia genero eta estilo guztiak ukitu zituen.