Thomson, Joseph John
Ingeles fisikaria (Cheetham Hill, Manchestertik hurbil, 1856 - Cambridge, 1940). Cambridgen egin zituen matematika eta fisikako ikasketak eta Cavendish Laborategian lan egin zuen. Elektromagnetismoaren teoria landu zuen. Elektrizitatearen eta magnetismoaren arteko harreman zuzenak aztertu zituen, eta bietako batean aldaketa kuantitatiboak eginez gero, bestean ere aldaketak sortzen zirela frogatu zuen. 1897an materiak atomoa baino txikiagoak ziren partikulak zituela proposatu zuen eta “gorputz txiki” izena eman zien partikula horiei; gaur egun elektroiak deitzen dira. Thomsonek 1897an elektroia aurkitu zuenean atomoaren egituraren eredua guztiz aldatu zen. 1906an Fisikako Nobel saria eman zioten gasen elektrizitate eroamenaz egindako lanengatik. Thomsonek atomoaren fisika jakintza berri bihurtu zuen. Conduction of Electricity through Gases (1928-1933, Elektrizitatearen eroamena gasetan) idatzi zuen, besteak beste.