Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Thompson, John Griggs

Estatubatuar matematikaria (Ottawa, Kansas, 1932). Yaleko Unibertsitatean ikasi zuen eta doktoregoa Chicagoko Unibertsitatean aurkeztu zuen 1959. urtean. Tesia, taldeen teoriari buruzkoa, MacLane-ren zuzendaritzapean egin zuen, eta bertan Frobeniusen konjeturetako bat frogatu zuen. 1961-62 urteetan Harvard-eko Unibertsitatean aritu zen laguntzaile, eta 1962an irakasle hautatu zuten Chicagoko Unibertsitatean. 1968an beka bat lortu zuen Cambridgeko Unibertsitaterako; 1970ean Matematika Hutseko Rouse Ball Irakasle hautatu zuten. 1963an, Walter Feit matematikariarekin batera, talde finitu sinple ez-abelianoei buruzko emaitza garrantzitsu bat argitaratu zuen Pacific Journal Mathematics aldizkarian. Ekarpen horri esker, Feit-ek eta Thompsonek Frank Nelson Cole saria jaso zuten 1965ean. Nizako Matematikarien Nazioarteko Kongresuan (1970) Fields domina jaso zuen. Urte hartatik aurrera, beste arlo batzuk lantzen hasi zen Thompson: kodeen teoria, Galois-en taldeak, etab. Ekarpen horiei guztiei esker Thompsonek sari asko jaso ditu: Senior Berwick saria Londresko Elkarte Matematikoaren eskutik (1982), Errege Elkartearen Sylvester domina (1985), Wolf saria (1992), eta Poincaré saria (1992), besteak beste. Estatu Batuetako Zientzietako Akademia Nazionaleko kide eta Londresko Errege Elkarteko kide ere bada. Ohorezko tituluak ere jaso ditu, Yale, Chicago eta Oxford-eko unibertsitateetan.