Thompson, Emma
Britainiar antzezlea (Londres, 1959). Phyllida Law antzezlearen alaba. Cambridgeko Unibertsitateko lizentziaduna da eta Cambridge Footlightseko kide. Bere antzezle karreraren lehen zatia izen bereko sail batekin amaitu zuen: Thompson (1985). Jokatu zituen antzerki lanetatik, berriz, Ni eta neure neska (1985) izan zen arrakastatsuena. Obra haren ondoren garrantzi handiko telebista sail baterako deitu zuten: Gerrako zoriak (1987); protagonista papera jokatu zuen, senarra izango zuen Kenneth Branaghrekin batera. Hurrengo bost urteetan Branaghen proiektuetan lan egin zuen, Henry V (1989, Endrike V.a), Dead Again (1991, Hila berriro), Peter's Friends (1992, Peter-en adiskideak), Much Ado About Nothing (1993, Ezer ez eta festa) filmetan, eta Suminduraz oroituz (1989), Udako gau bateko ametsa (1990) eta Lear erregea (1990) antzerki lanetan. 1992an antzezle onenaren Oscar saria jaso zuen Howard's End (1992) filmean egindako lanaregantik, eta sarirako izendatu zuten berriro The Remains of the Day (1993, Egunaren azken hondarrak) filmarengatik. 1995ean, Kenneth Branaghengandik bereizi ondoren, Jane Austenen Sense and Sensibility eleberriaren zinemarako egokitzapena idatzi zuen. Filmak izugarrizko arrakasta izan zuen; hirugarren aldiz izendatu zuten Emma Thompson antzezle onenaren Oscar sarirako eta egokitzapen onenaren saria irabazi zuen.