Stevenson, Robert Louis
Britainiar idazlea (Edinburgo, 1850 - Vailima, Samoa uharteak, 1894). Txikitatik tuberkulosiak jo izanak eragin handia izan zuen Stevensonen bizitzan eta idazlanetan: ohean egin behar izan zituen aldi luzeak Eskoziako elezaharrak entzuten eta Johnston-en, Scott-en eta Dumas-en eleberriak irakurtzen. Hala, bizitzarekiko atxikimendua adierazteko premia, eritasunak sortua, abenturazko kontakizun baikorrak idatziz ase zituen; giro osasungarriagoen beharrak, berriz, bidaldietarako eta abenturarako grina piztu zion. Familian ezagutu zuen giro presbiteriano estuari uko egin eta liskarrak izan zituen gurasoekin. Zuzenbide ikasketak egin zituen, baina inoiz ez zuen legegizon gisa jardun. 1873tik aurrera etengabe bidaiatu zen, eta lehen liburuak Frantzian egindako bidaldien kronikak izan ziren: An Inland Voyage (1878, Kontinenteko bidaia) eta Travels With a Donkey in the Cévennes (1879, Bidaldia astoz Cévennes lurraldean zehar). 1880ean Fanny Osbourne-rekin ezkondu zen. 1881ean filosofiako artikuluen eta literatura kritiken bilduma bat, Virginibus Puerisque, eta 1882an ipuin bilduma bat, The New Arabian Nights, (Arabiako gau berriak) argitaratu zituen. Hurrengo urteetan hara-hona ibili zen eritasuna sendatu nahian eta haurrentzako poemak eta eleberriak idatzi zituen, bere seme-ordeari eskainiak: A Child’s Garden of Verses (1885, Haurrentzako olerki lorategia), olerki liburua; Treasure Island (1883, Altxor uhartea, Maria Garikanok euskarara itzulia; Altxorraren uhartea, Xabier Etxanizek euskaratua); gazte eta helduengan arrakasta handia izan duen abenturazko eleberri horretan Stevensonek bikain agertu zuen bere kontalari dohaina eta trebezia; hura du libururik ezagunena eta irakurriena. Beste eleberrietan Walter Scott-en bidea jarraitu zuen: Kidnapped (1886, Bahitua, Susana Prebostek 1994an euskaratua), The Strange Case of Dr. Jekyll and Mr. Hyde (1886, Dr. Jekyll eta Hyde, Imanol Galarretak itzulia), pertsona berean bi nortasun kontrajarrien arteko gatazka agertzen duen beldurrezko kontakizuna, arrakasta handia izan zuena; The Black Arrow (1888, Gezi beltza), The Master of Ballantrae (1889, Ballantraeko Nagusia, Xabier Olarrak 1994an euskaratua). 1888an Ozeaniara joan zen, Samoako uharte batean hartu zuen bizilekua eta han bizi izan zen hil arte, bertakoek Tusitala (Ipuin Kontalaria) esaten ziotela. Azken idazlanak: Catriona (1893), Weir of Hermiston (1896, Hermistoneko uhesia), eleberri bukatu gabea, aditu askok maisu lantzat dutena; The Islands Night’s Entertaiments (1893, Uharteetako gau denborapasak) eta In the South Seas (1896, Hego Itsasoetan) ipuin bildumak; ipuin horietatik zenbait itzulpen egin dira euskarara: Ahotsen isla. Deabrua botilan, Kepa Aulestiak; Botilako deabrua, Maria Garikanok. Haren olerki guztiak 1951n argitaratu ziren.