Stevin, Simon
(Brujasko Simon ere deitua). Flandestar fisikari eta matematikaria (Brujas, 1548 - Haga, 1620). Maurizio Nassaukoaren zientzia irakasle izan zen eta gero hark Holandako nasa, kai-hormen eta herri lanen ingeniari izendatu zuen. Gorputzen oreka aztertu eta estatikaren printzipioak azaldu zituen; gorputzak plano makur baten gainean dituen oreka baldintzak aztertu zituen bereziki. Halaber, indarren osaketaren arazoa argitu zuen. Hidrostatika alorrean, hodi komunikatzaileetako oreka hidrostatikoa aztertu zuen eta isurkari batek gordeta dagoen ontziko paretetan eragiten duen presioa kalkulatu zuen. Aljebraren eta aritmetikaren arteko bereizketa egin zuen, eta sistema metriko hamartarra oinarritzat hartuz pisuak, neurriak eta diruak bateratzea proposatu zuen. Aritmetikako liburu bat argitaratu zuen 1585ean eta mekanikako hiru liburu 1586an.