Stewart, John Young
(Jackie Stewart izenaz ezaguna). Eskoziar auto pilotua (Dumbarton, 1939). Laurogeita hemerezi lasterketan parte hartu zuen eta hogeita zazpitan atera zen garaile. Auto lasterketa modernoen garaiko lehen pilotu profesionala izan zen. Eskozian zenbait urtez automobilismoan aritu ondoren, Europako Formula 3-ko lasterketetan parte hartzen hasi zen. 1965ean Formula 1-eko lasterketetan parte hartzen hasi zen, BRM taldearen babespean, eta Italiako Sari Nagusia irabazi zuen, Monzako zirkuituan. Hiru urte geroago, 1968an, munduko txapelketan parte hartu zuen, eta bigarren lekua lortu zuen, Graham Hillen atzetik. Hurrengo urteetan hiru aldiz irabazi zuen txapelketa hura: 1969, 1971 eta 1973. urteetan, hain zuzen. Hamalau urtez hartu zuen parte Formula 1-eko probetan.