Stewart, Rod
(Jaiotza izena, Roderic David Stewart). Eskoziar abeslaria (Londres, 1945). Bere ahots erlastuagatik, balada erromantiko eta rock gogorreko abestiengatik da ezaguna. Futbol zale amorratua da, eta gaztetan Brentford Football Club taldean aritu zen. 1960ko hamarraldiaren hasieran, Europan zehar ibili zen alderrai, batez ere Espainian zehar, Wizz Jones ingeles abeslariarekin batera. Harekin ikasi zuen banjoa jotzen. Ingalaterrara itzuli zenean, gitarra jotzen ikasi zuen, eta handik gutxira Jimmy Powell and the Dimensions taldearekin jotzen hastea lortu zuen. Ofizioa ikasi ondoren rhythm and blues taldeekin, 1968an, Ron Woodekin batera, Jeff Beckekin elkartu zen Estatu Batuetan zehar jira bat egiteko. 1969an bakarlari gisa hasi zen, baina 1975. urtea arte The Faces taldean ere lan egin zuen. Beste musikari batzuen kantuak kantatu izan ditu (Tom Waits, Sam Cooke, Elton John, Paul McCarthney), baina abesti bikainak idatzi ditu, halaber: "Jo's Lament", "Lady Day". 1971n errekor guztiak hautsi zituen, Every Picture Tells a Story diskoak eta "Maggie May" abestiak Britainia Handiko eta Estatu Batuetako disko eta abesti salduenen zerrendako lehen postua lortu zutenean. Beste zenbait disko gogoangarri: Atlantic Crossing (1976); Footlose and Fancy Free (1977); Every Beat of My Heart (1986); Unplugged, Unplugged… and Seated (1993); You´re the Star (1995).