Sternberg, Josef von
Estatu Batuetako zinema zuzendaria, jatorriz austriarra (Viena, 1894 - Los Angeles, 1969). 1904an Estatu Batuetara joan zen. Zinemagintzan hainbat lanbidetan jardun zuen harik eta 1925ean bere lehen filma zuzendu zuen arte, Salvation Hunters, arrakasta handia izan zuena. Zinema mutuaren garaian egin zituen film ezagunenak gangsterren munduan girotuak dira: Underworld (1927, Gaizkileen mundua), The Last Command (1928, Azken agindua), The Docks of New York (1928, New Yorkeko kaiak). 1930ean UFA produkzio-etxeak Alemaniara deitu zuen Der Blaue Engel (Aingeru Urdina) egin zezan, Marlene Dietrich ezagutarazi zuen maisu lana. Geroztik sei film egin zituzten elkarrekin, bion karrerako filmik onenak: Morocco (1930), Dishonored (1931), Shangai Express (1932), The Blonde Venus (1932, Venus horaila), The Scarlett Empress (1934), The Devil Is a Woman (1935, Deabrua emakumea da). Bere filmetako irudiak ukitu erromantikoa eta barroko dute. Erabateko zuzendaria zen, zinemaren baliabide guztiak ezin hobeki ezagutzen zituena eta zinemagintzaren prozesu guztian zuzenean parte hartzen zuena. Beste filmak: An American Tragedy (1931), Crime and Punishment (1935), The Saga of Anathan (1953).