Stevenson, Teófilo
Kubatar boxeolaria (1952). Olinpiar Jokoetan urrezko hiru domina lortu dituen boxeolari bakarra, eta boxeoaren historiaren boxeolari afizionatu onena, adituen iritzian. Alcides Segarraren esanetara sortu zen Kubatar Eskolako boxeolari onena izan zen Roberto Balado eta Félix Savónekin batera. Munich 72, Montréal 76 eta Mosku 80 Olinpiar Jokoetako urrezko hiru dominez gainera (Kubak boikota egin zuen 1984ko Olinpiar Jokoetan eta ez zuen bertan parte hartu), hiru aldiz irabazi zuen afizionatuen munduko txapelketa, hamar aldiz Kubako txapelketa, urrezko domina bat irabazi zuen Panamerikar Jokoetan, zortzi aldiz atera zen txapeldun Erdialdeko Amerikako Txapelketetan, eta 72 borroka irabazi zituen nazioarteko lehiaketetan. Guztira 321 aldiz borrokatu zen eta borroka horietatik 309 irabazi zituen. 1988an erretiratu zen eta Kubako boxeolari hautatzaile gisa lan egin zuen aurrerantzean.