Stevens, Cat
Britainiar musikaria (1947). Ikasle garaian folk rock idazten eta jotzen hasi zen. Joaldi batean musika ekoizle batek ikusi zuen eta grabazio saio bat antolatu zuen berarentzat. 1966an egin zuen debuta, "I Love My dog" izeneko kantuarekin. Hurrengo urtearen hasieran bigarren geratu zen single zerrendetan, "Matthew And Son" kantuarekin, eta bere abeslari ospea sendotuz joan zen. Bere lehen disko luzeak izen bera hartu zuen eta zazpigarren geratu zen Britainia Handiko zerrendetan. Baina bigarren diskoak, New Masters, 1967an argitaratua, ez zuen zerrendetan sartzea ere lortu. 1970ean Island Records disko etxeak kontratatu zuen Britainia Handirako eta A&M izenekoak Estatu Batuetarako. Mona Bone Jakon izeneko diskoarekin egin zuen debuta konpainia berrian, eta "Lady D'Arbanville" abestiarekin arrakasta handia lortu zuen Britainia Handiko zerrendetan. 1971n Estatu Batuetako merkatuaren ateak zabaldu zitzaizkion Wild World single-arekin, Tea For Tillerman diskotik aterea. Urtea bukatu baino lehen Teaser And The Firecat argitaratu zuen, eta arrakasta handia izan zuen, bai Estatu Batuetan bai Europan. Garai hartan lortu zituen arrakastarik handienak: Foreigner (1973); Buddah And The Chocolate Box (1974); Greatest Hits (1975). Handik aurrerako lanetan, baina, ez zuen batere arrakastarik izan: Numbers (1976); Izitso (1977); Back To Earth (1978). Gero islamismora bihurtu zen, izena aldatu zuen, eta bizitza publikotik desagertu zen.