Sevilla
Espainiako hegoaldeko hiria eta ibai portua, izen bereko probintziako hiriburua (Andaluziako Autonomia Erkidegoa), Guadalquivir ibairen ertzean, ibaiaren bokaletik 120 km-ra. 668.356 biztanle. Unibertsitatea. Jarduera handiko ibai portua da eta nekazaritza gaiak (olioak, olibak, naranjak, ardoa, kautxua) eta lehengaiak esportatzen ditu. Andaluziako industria gune nagusia da, bestalde; ontziolak, hegazkingintza, nekazaritzarako makineria, burdinbide gaiak, ehungintza, kimika industria, zeramikagintza, eraikuntzarako gaiak, beiragintza eta zurgintza dira industria nagusiak. Garrantzi handia dute hiriko ekonomian, halaber, administrazioak, merkataritzak eta turismoak. Espainiako hegoaldeko komunikabide garrantzitsuena da: aireportua, autopistak eta burdinbideak. Arteari dagokionez oso hiri ikusgarria da eta garai askotako monumentuak gorde ditu. Aipagarriak dira, besteak beste, Giralda (mezkita zaharraren minaretea), “Patio de los Naranjos”, “Torre del Oro” dorrea, “Reales Alcázares” multzoa eta harresiaren hondakinak, molde arabiarrean eraikiak; XV. mendeko katedral gotikoa eta bertan gordetzen diren pintura ospetsuak eta altxorra, Salvador eliza barrokoa, XIII. mendeko Santa Ana eliza (Sevillako elizarik zaharrena), mudejar estiloko Omnium Sanctorum, San Lorenzo, San Marcos eta Santa Catalina elizak, Magdalena eliza barrokoa; eraikuntza zibilei dagokienez nabarmentzekoak dira udaletxe platereskoa (1527-1534), 1647. urteko Karitatearen ospitala, XVI. mendeko Pilatos jauregi mudejar-platereskoa, XV. mendeko Dueñas jauregia, XVII. mendeko San Telmo jauregia, Arte Ederretako museoa, Arkeologia museoa eta, azkenik, juduen auzo zaharra (egungo Santa Cruz auzoa). v Historia. Hispalis hiri erromatarra zen eta bisigodoen mendeko hiri garrantzitsua izan zen 712. urtea arte. Urte horretan musulmanek konkistatu zuten; haien mendean egon zen artean oso hiri aberatsa izan zen, eta musulmanen erresuma zabal bateko hiriburua izan zen. 1248. urtean Fernando III.ak, Gaztelako erregeak, konkistatu zuen, baina ez zen hiriaren oparotasuna gainbehera etorri, katedralaren obrak (1403-1506) erakusten duen bezala. Amerika deskubritu zenean Sevillan jarri zuten Kontratazio Etxea (1503) eta Europaren eta Amerikako kolonien arteko merkataritza harremanen monopolioa lortu zuen. XVII. mendean merkataritza harremanak apaldu baziren ere, kultura loraldi garrantzitsua izan zen hirian; garai hartako espainiar pintore, eskultore, arkitekto, idazle eta poeta nagusiek obra ugari eskaini zizkioten Sevillari eta Europako ekonomia gune garrantzitsuenetako bat izan zen, Espainiako hiri handiena izateaz gainera. Amerikarekin zuen merkataritza monopolioa Cadizen ezarri zen 1717. urtetik aurrera, eta hiriak galdu egin zituen merkataritzaren monopolioaren bidezko diru sarrera handiak. 1929. urtean Iberoamerikako Erakusketa egin zen han eta 1992an Erakusketa Unibertsala.