Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sex Pistols

Britainiar punk-rock musika taldea. 1970. urtean sortu zuten Johnny Rotten (abeslaria), Steve Jones (gitarra), Paul Cook (bateria), eta Glen Matlock-ek (baxua). Azken horren ordez, Sid Vicious sartu zen gero. Hiru urtean, goitik behera aldatu zituen talde horrek rock tradizionalaren musika eta merkataritza egiturak. Dena dela, taldeak 1975. urtearen bukaeran hartu zuen benetako forma, Malcom MacLaren-ek Steve Jones Cook-i eta Paul Cook-i Johnny Rotten aurkeztu zienean. Rotten kantariak bortizkeriei hitz emateko eta entzuleei galderak egiteko modu berezia aurkitu zuen. Sex Pistols taldea ospetsu egin zen bere arrunkeriagatik eta eskandalua sortzeko zuen zaletasunagatik; erregetzaren eta britainiar gizartearen kontra egiten zuten gogor. Rock-aren historian lehenengo aldia zen metaforak leku egiten ziola literaltasun krudelenari; Johnny Rotten eta bere taldea rockaren salbatzaile idealaren eta hippie mitologiaren lurperatzaile gisa agertu ziren, Britainia Handia krisian zegoen garaian. Beren karrera laburrean zenbait distira kolpe izan zituzten, Malcom MacLarenen itzalpean antolatuak gehienak. Sex Pistols-ekin lan egin zuen lehenengo etxea EMI izan zen, baina berehala hautsi zen harreman hori, izan ere, taldeko kideek telebistako aurkezle bat iraundi baitzuten. A & M etxea saiatu zen taldea bereganatzen baina etxe horretako beste artistek ez zuten onartu talde horrekin bilduma berean agertzea. Azkenik, Sex Pistols taldeak Virgin etxearekin egin zuen tratua eta Never Mind the Bollocks, Here's the Sex Pistols diskoa kaleratu zuen. Garrantzizko lana izan bazen ere, taldea 1978. urtearen hasieran desegin zen.