Severo Alexandro
(Lat. Aurelius Antonius Severus Alexander). Erromako enperadorea 222-235 urteetan (Ace, Fenizia, 205 edo 208 - Germania, 235). Bere lehengusu Heliogabalok semetzat hartu zuen eta haren ondorengoa izan zen. Paulo, Modestino eta, batez ere, Ulpiano legegileak izan zituen aholkulari, eta senatuaren ahalmen eta aginpideak sendotu zituen. Hala eta guztiz ere, axaleko erreformak izan ziren, enperadore horren agintaldian, aurrekoenetan bezalaxe, matxinada eta hilketa ugari izan baitziren. Ez zuen kristauen aurkako esespenik agindu eta juduen eskubideak bere horretan utzi zituen. Ekialdean sasandarrak garaitu zituen eta 234. urtean Rhin ibaiaren haranera joan zen germaniarren aurka borrokatzera, baina Maximino traziar ofiziala buru zuen matxinada militarrean hil zuten.