Schleicher, August
Alemaniar hizkuntzalaria (Meiningen, 1821 - Jena, 1868). Linguistika konparatua metodologia bakar batera ekartzen saiatu zen. 1850-1857 bitartean filologia klasiko, greko eta latineko irakasle izan zen Pragako unibertsitatean. Eslaviar hizkuntzak hasi zen ikertzen urte haietan. 1856-1857. urteetan lituanierari buruzko gidaliburu bat idatzi zuen, Handbuch der lituaischen Sprache (Lituanieraren esku-liburua) eta 1862. urtean Compendium der verglichenden Grammatik der indogermanischen Sprachen (Hizkuntza indo-germaniarren gramatika konparatua), hizkuntza indoeuroparra berregitea helburu zuen obra argitaratu zuen. Hizkuntzei buruzko teoria berri bat aurkeztu zuen, hizkuntzak organismo bizitzat hartzen zituena, izadiaren legeen mende, Die darwinische Theorie und die Sprachwissenschaft (1865, Darwin-en teoria eta hizkuntzaren jakintza).