Schlesinger, John
Ingeles zinemagilea (Londres, 1926 – Los Angeles, 2003). Bigarren Mundu Gerra bitartean emanaldiak antolatu zituen gudarostearentzat. Gerra amaitu ondoren aktore izan zen antzerkian eta film laburrak egin zituen. 1957an BBC telebistan hasi zen lanean eta telesailak eta dokumentalak egin zituen. 1961ean Veneziako zinemaldiko saria jaso zuen Terminus dokumentalarengatik. 1962an A Kind of Loving film luzea egin zuen, Free Cinema-ren estiloan kontatutako melodrama. Billy Liar-en (1963) Julie Christie eta Tom Courtenay antzezleak ezagutarazi zituen. Tomas Hardy idazlearen eleberrian oinarritutako Far from the Madding Crowd filmak Hollywoodeko ateak ireki zizkion. Midnight Cowboy (1968, Gauerdiko Cowboya) filmak Oscar saria irabazi zuen eta ospetsu egin zituen Dustin Hoffman eta John Voigth aktoreak. Harrezkero film gehiago egin zituen Ingalaterran, Sunday Bloody Sunday (1971, Igandea, Igande odoltsua), Yanks (1978) eta Estatu Batuetan The Falcon and the Snowman (1985), Marathon Man (1976).