Schiller, Friedrich von
Alemaniar poeta eta dramagilea (Marbach, 1759 - Weimar, 1805). Alemaniako idazle erromantiko nagusietako bat izan zen. Familia militar batean sortu zen, eta karrera hartara bideratu zuten arren, armak utzi eta zuzenbideko eta medikuntzako ikasketak egin zituen literaturan hasi aurretik. Jean-Jacques Rousseau-ren jarraitzaile sutsua izan zen gaztetan, idazle klasikoak irakurri zituen (Homero, Virgilio, Shakespeare…), eta harreman estuak izan zituen Sturm und Drang taldeko poetekin. 1781-1787 bitartean lau drama idatzi zituen, gizarteko gehiegikeriak salatzen zituztenak: Die Räuber (1781, Gaizkileak) eta Die Verschwörung des Fiesko zu Genua (1783, Fiesco, edo genoarren konspirazioa) tiraniaren aurka; Kabale und Liebe (1784, Intriga eta amodioa), gizarteko desberdintasunen aurka, eta Don Carlos (1787), kontzientzia mailako zapalketaren aurka. Wurtenbergeko dukearen mehatxuen ondorioz Stuttgarteko hirira jo behar izan zuen, eta 1789an Jena-ko unibertsitateko historia irakasle hasi zen. Historia, filosofia eta estetika landu zituen hurrengo urteetan: Geschichte des Dreissigjährigen Krieges (1791-1793, Hogeita Hamar Urteko Gerraren historia), über die tragische Kunst (1792, Arte tragikoari buruz), Briefe über die ästhetische Erziehung des Menschen (1793-1795, Gutunak gizakiaren estetika heziketari buruz). Garai hartan Goethe-rekin harremanetan jarri zen; harekiko gutunetan, politika bideak alde batera utzi eta norberak edertasunaren eta, aurreramenduaren bidean, ongiaren aldera duen isuria landu beharra dagoela argudiatzen zuen. Goethe-ren eraginez, poesia molde klasizistetara jo zuen ondoren, eta lan bikainak idatzi zituen: balada bilduma (1797) eta Das Lied von der Glocke (1800, Ezkilaren kantua). 1794tik aurrera dramak idatzi zituen berriro, eduki moral handikoak: Wallenstein trilogia (1794-1799), Maria Stuart (1800), Die Jungfrau von Orleans (1801, Orleans-eko neskatxa), Die Braut von Messina (1803, Messina-ren andregaia) eta Wilhelm Tell (1804). Hogei antzerki lan utzi zituen bukatu gabe.