Schlesinger, Arthur Meier
Estatubatuar historialaria (Columbus, Ohio, 1917 - 2007). Harvardeko Unibertsitatean egin zituen ikasketak. Historia irakasle izan zen unibertsitate horretan (1946-1961). 1952, 1956 eta 1960. urteetan Alderdi Demokrataren lehendakaritzarako hautagaiaren hautes taldeko kidea izan zen. 1960ko irabazleak, John Fitzgerald Kennedyk, lehendakari kargua bere gain hartu zuzenean, aholkulari berezi izendatu zuen. Geroago Kennedyren gobernuari buruzko kontakizun bat idatzi zuen: John F. Kennedyren mila egunak Etxe Zurian (1965). Liburuak Pulitzer saria irabazi zuen, Biografia sailean, 1966. urtean. Kennedyren hilketa gertatu eta hilabete gutxira bere karguaren dimisioa aurkeztu zuen. 1967an New Yorkeko Unibertsitateko humanitate irakasle izendatu zuten. Lanik aipagarrienak: Jacksonen aroa (1945; Pulitzer saria irabazitakoa, historia sailean, 1946. urtean); Roosevelten aroa (1957-1960, hiru liburukitan); Itxaropen politika (1963); Oinordekotasun mikatza: Vietnam eta amerikar demokrazia (1967); Lehendakaritza inperiala (1973); Robert Kennedy eta bere garaia (1978); Ameriketako historiaren zikloak (1986).