Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Schleswig-Holstein

Alemaniako iparraldeko land edo lurraldea, Jutlandiako penintsulako hegoaldean, Danimarkaren hegoaldean, Ipar itsasoaren eta Itsaso Baltikoaren artean, Holstein eta Schleswig antzinateko dukerriek eratua. 15.731 km2 eta 2.595.000 biztanle. Hiriburua, Kiel. Hiri nagusiak: Elmshorn, Flensburg, Heide, Husum, Itzehoe, Lübeck, Neumünster, Rendsburg, Schleswig eta Travemünde. Bada danieraz mintzatzen den gutxiengo bat.  v  Alemaniako iparraldeko ordoki zabalak hartzen du estatu osoa. Kostaldeetan aintzira ugari daude, gehienak polder bihurtuak. Golko luzeak barneratzen dira, gainera, kostaldean, eta uharte asko dago, Ipar itsasoaren ertzean, batez ere. Eider, Stör eta Trave dira ibai garrantzitsuenak. v Ekonomia. Laborantza eta arrantza izan dira estatu horretako ekonomia jarduera tradizionalak. Arrantza oso oparoa da Itsaso Baltikoan, batez ere, eta nekazaritzak (garia, garagarra, bazkarako landareak, azukre erremolatxa) garrantzi handia du gaur egun ere. Industria (janari industria, ontziolak, ehungintza, tresneria elektrikoa eta mekanikoa) 1950. urtetik aurrera garatu zen Kiel-go hirian, Lübeck eta Flensburg-eko hirietan, Ekialdeko Alemania ohitik Schleswig-Holsteinen kokatu ziren 1.200.000etik gora etorkinez baliatuta neurri handi batean.  v  Historia. Schleswig-eko eta Holstein-go lurraldeen historia batera joan dira luzaroan. XII. mendean sortu zen Schleswig-eko dukerria, Danimarkako koroari lotua, baina hegoaldeko lurraldeko biztanle gehienek germaniar moldeei eutsi zieten. 1326. urtean batu ziren lehenegoz Schleswig-eko eta Holstein-go lurraldeak. Tirabira askoren ondoren, 1865. urtean, Schleswig-eko lurraldeaz jabetu zen Prusiako koroa eta Holstein-goaz Austria, Danimarka menderatu ondoren. Bi estatu horiek ez ziren ados jarri eta, azkenean, Prusia nagusitu zen bi lurraldeetan. 1920. urtean, Danimarkaren barnean egotea erabaki zuten Ipar Schleswig-eko biztanle gehienek. 1946. urtean sortu zen Schleswig-Holstein-go land edo lurraldea Mendebaleko Alemanian.