Scherchen, Hermann
Alemaniar orkestra zuzendaria eta biola-jotzailea (Berlin, 1891 - Florentzia, 1966). 1907-1910. urteetan Berlingo orkestra filarmonikoko biola-jotzailea izan zen. 1910-12. urteetan Schönberg-ekin lan egin zuen, eta 1911. urtean aurkeztu zen zuzendari gisa. 1914. urtean Rigako orkestra sinfonikoko zuzendari izendatu zuten. Berlingo Musika Berriaren elkartea eta Melos musika aldizkaria sortu zituen. Winterthur-eko orkestrako (1923), Königsberg-eko irratiko orkestrako (1928), eta Zurich-eko irratiko orkestrako (1944-50) zuzendari izan zen. Garrantzi handiko gidaliburu bat idatzi zuen orkestra zuzendaritzari buruz (1929). XX. mendeko musikagileen aldezle sutsua izan zen, batez ere Schönberg eta Webern-ena, eta haien lanak ezagutarazi zituen. 1954. urtean musika estudio elektroniko bat zabaldu zuen Italian, Gravesanon.