Scherbo, Vitaly
Ukrainar gimnasta (1972). Hainbat Olinpiar Jokotan, gimnastikan urrezko domina gehien lortu dituen kirolaria. Zazpi urte zituela egin zuen debuta gimnastikan, eta hamabostekin Sobietar Batasuneko taldean sartu zen. 1990ean Sobietar Batasuneko txapeldun izan zen, eta gero, Seattleko Goodwill Games lehiaketan, banakako eta taldekako txapeldun atera zen, zaldi jauzia eta barra horizontala irabazteaz gainera. Munduko txapelketan, Bruselan, atzera egin zuen pixka bat, eta bigarren geratu zen; baina Bartzelonako Olinpiar Jokoetan (1992) sasoi onenean agertu zen berriro, eta urrezko sei domina irabazi zituen: banakako eta taldekako probetan txapeldun ateratzeaz gainera, barra paralelo, zaldi jauzi eta eraztunen probak irabazi zituen. 1993an munduko txapelketa irabazi zuen, eta Atlantako Olinpiar Jokoetan (1996), brontzezko hiru domina eskuratu zituen, Ukrainako taldearekin.