Scheler, Max
Alemaniar filosofoa (Munich, 1874 - Frankfurt am Main, 1928). Edmund Husserl-en fenomenologia garatu zuen bere lanetan. Jena-ko unibertsitatean ezagutu zuen Husserl-en obra. 1907-1910 urteetan Munich-eko unibertsitateko irakaslea izan zen, eta 1910. urtetik aurrera Berlinen hartu zuen bizilekua, idazteko asmoz. 1917 baino lehen idatzi zituen bere obra garrantzitsuenak, eta urte hartan hasi zen diplomatiko gisa Alemaniako Kanpo Arazoetarako Ministerioarentzat lanean, Genevan eta Hagan. 1920. urtean teoria bakezaleak azaldu zituen eta katoliko bihurtu zen, eta 1924an munduaren ikuspegi panteista aldarrikatu zuen. Scheler-ek “bihotzaren” (Fühlen) edo senaren emozioen fenomenologia landu zuen; objektuak etikoak dira aldez aurretik, balio objektibo aldaezina dute, eta hierarkia baten arabera ordenatzen dira. Kant-en filosofian ez bezala, formen etikaren ordez balioen etika materiala da nagusi Scheler-enean. Jainkoa edo goreneko pertsona da Scheler-en sistemaren giltzarria. Geroko urteetan, ordea, ikuspegia aldatu eta gizakia ezarri zuen Jainkoaren lekuan. Obra nagusiak: Der Formalismus in der Ethik und die materiale Wertethik (1913-1916, Formalismoa etikaren alorrean eta balioen etika materiala), Wesen und Formen der Sympathie (1923, Sinpatiaren izaera eta formak), Die Wissensformen und die Geselschaft (1926, Ezagutzaren formak eta gizartea), Die Stellung des Menschen im Kosmos (1928, Gizakiaren lekua munduan).