Sánchez de Lozada, Gonzalo
Boliviar politikaria, Errepublikako lehendakaria 1993-1997 urteen bitartean (La Paz, 1930). Filosofia eta ekonomia ikasi zuen. Meatzaritzako enpresaburu gisa nabarmendu ondoren, politikan sartu zen, eta Higikunde Nazionalista Iraultzaileko kide egin zen. Víctor Paz Estenssoro presidentearen laguntzaile eta adiskide izan zen, eta Plangintza eta Koordinazioko ministro. Kargu horretan zela ekonomiaren inflazioari eusten eta estatuaren medeko enpresen administrazioa garbitzen saiatu zen. 1989ko hauteskundeetan boto gehien izan zituen hautagaia izan zen, baina Hugo Banzer eta Jaime Paz Zamorak egin zuten hitzarmena zela-eta, ezin izan zuen Errepublikako lehendakaritza hartu. 1993ko hauteskundeak irabazi ondoren, Estatuko buruzagi izan zen; Víctor Hugo Cárdenas izan zen presidenteorde. Agintean egon zen bitartean Boliviako burdinbideen % 50 pribatizatu zuen, eta baita petrolioa, telekomunikazioak, elektrizitatea eta hegazkin konpainiak ere.