Sánchez Polack, Luis
("Tip" deitua). Espainiar umore egilea eta antzezlea (Valentzia, 1926 - Madril, 1999). Zortzi urte zituela Madrila joan zen familiarekin eta 1939an batxilergoa ikasten hasi zen, baina ez zuen amaitu. Zeramika eskolan aritu zen zurgintza, zeramika eta antzerkia ikasten, eta antzezle izatea erabaki zuen. Luca de Tenaren De lo pintado a lo vivo (Margotutik bizirik dagoenera) lanarekin egin zuen debuta. 1945ean Madrid Irratian sartu zen eta han haurrentzako saio bat hasi zuen. Hamalau urtez aritu zen irrati horretan. Hantxe osatu zuen Tip y Top umore bikotea, Luis Collekin, oso ospetsu izan zen. Hiru film egin zituzten elkarrekin. 1961ean banandu egin ziren eta Tipek bakarka jarraitu zuen. Ondoren José Luis Collekin hasi zen saioak antolatzen, Tip y Coll bikote gisa. Bikote harekin ere arrakasta handia izan zuen, aurrekoarekin baino handiagoa. 1967. urtetik aurrera ekitaldi ugari izan zituzten, eta film bat egin zuten: La garbanza negra, en paz descanse. Film horretan erabiltzen zituzten jantziak (etiketa jantzi beltzak) izan ziren aurrerantzean beren ikuskizunetarako erabili zituztenak. 1969. urtearen hasieran Espainiako Telebistan Galas del sábado saioa aurkezten hasi ziren. 1970eko hamarraldiaren hasieratik, zortzi urtez, egunero aurkeztu zuten bere saioa Top-Less aretoan. 1979an Espainiako umore egile nagusiak ziren. Tipek irratiko hainbat solasalditan parte hartu zuen, eta Tele-5 kateko Este país necesita un repaso saioan ere aritu zen. 1997an Onda Cero irratian hasi zen La brújula saioan eta han Cuentos infantiles para personas de cierta edad atala aurkezten zuen. 1998an eritasun larri bat zela-eta utzi zituen ekitaldiak. Pueblo egunkariaren Ospearen Saria eman zioten eta baita Ondas saria ere. Zenbait liburu ere idatzi zituen: Cantares del Mío Tip (1980) eta Santos varones (1995), eta Coll-ekin batera, El libro de Tip y Coll eta Tipicoll spanish.